Dagoeneko ia 70 umek eman dute izena udalekuetan

Iazko udalekuen azken eguneko argazkiak. Kukumixo.

Bizkor doa udaleku irekietarako izen-ematea iazkoarekin alderatuta. Dagoeneko 70 neska-mutiko inguruk eman du izena eta oraindik datorren asteko eguaztenera arteko epea dago horretarako. Iaz, guztira, 74 ume ibili ziren udalekuetan. Pandemia aurretik, berriz, 150 inguru ibili izan dira.

Datuen arabera, badirudi aurten umeak (eta gurasoak) gogotsu daudela Kukumixok, Udalak eta Pil-pileanek antolatzen dituzten udaleku irekietan parte hartzeko, izen-ematea zabaldu eta astebete eskasera, dagoeneko 70 ume inguruk eman baitu parte hartzeko izena. 

Konparazioa egitearren, iaz, pandemiak baldintzatutako lehen udalekuetan 74 umek hartu zuen parte guztira. Hori bai, normalean, 150-160 ume inguruk parte hartu izan dute. Beraz, badirudi aurten “normaltasun” handiagoa izango dela jarduera horretan. 

10 laguneko taldeak

Udalekuak uztailaren 5etik 16ra bitartean egingo dituzte, astelehenetik eguenera 10:00etatik 13:00etara eta barikuetan, 10:00etatik 17:00etara. Begirale bakoitzeko, 10 umeko taldeak antolatuko dituzte. Hortik aurrera, xehetasunak lotzeko daude, pandemiaren bilakaeraren araberako neurrietara egokitu beharko baitira. Adibidez, txangoak egitea edo gauren bat etxetik kanpo pasatzea oraindik erabakitzeko dago. Datozen egunotan joango dira halakoak lotzen. 

Izena udaletxean bertan eman daiteke edo online, HEMEN klikatuta.