Itun sozialeko mahaiaren negoziazioa izan dute aztergai

Ubane Madera Zangitu 2021ko eka. 7a, 19:06
Plazaren bueltan egin dute gaurko elkarretaratzea.

Pentsio publiko duinen aldeko gaurko elkarretaratzean, Espainiako Gobernuaren, CEOE-CEPYME patronalen eta CCOO eta UGT sindikatuen artean lantzen ari diren ituna izan dute hizpide. Gaiari buruz dagoen informazio falta salatu dute eta eskuratu ahal izan duten informazioa partekatu dute.

Informazio horren arabera, “lau gai negoziatu dituzte lehen fasean eta horiek adosteko eta ixteko zorian daude”. Baina, gaiei buruzko xehetasun gehiegi ez dituztela adierazi dute, izenburuak baino ez. Hona hemen lau gaiak:

  1. Pentsio guztiei KPIa bermatuko zaiela baieztatzen da.
  2. Derrigorrezko erretiro aurreratuetan murrizketarik ez dela egongo aipatu dute.
  3. Erretiroa hartzeko legezko gehieneko adina borondatez luzatzea.
  4. Jasangarritasun-faktoreari buruz nahita nahastea.

Besteak beste, jakinarazi dute Escrivá ministroaren arabera, gaiak ez duela “presarik, 2023ra arte etenda baitago".

Plazaren bueltan

Elkarretaratzea amaitzeko, gogorarazi dute euren “lorpenak mantentzeko eta murrizketa berriak saihesteko” borrokan jarraituko dutela kalean “desberdintasunari eta bidegabekeriari buelta eman eta gure aldarrikapenak lortu arte”. Gaur, 40 herritar inguruk babestu du elkarretaratzea eguerdiko berotasunari aurre eginez. Gerizpearen bila, plazaren bueltan egin dute protesta ekitaldia.