“Herriko basoen mapa osatu nahi dugu lehentasunak zehazteko” Baso Biziak

Egoitz Unamuno 2021ko eka. 7a, 13:25

Joan zen eguenean, bertako basoen kontserbazioaren gainean berba egin zuten Baso Biziak elkarteak antolatutako jardunaldian. Koldo Azkorbebeitiak Baso Biziak elkartearen jardunaren berri eman zuen (aurkezpen osoa bideoan); Arturo Elosegi EHUko katedradunak, bere aldetik, eukaliptoaren eragina aztertu zuen eta Jon Hidalgok, berriz, Lurgaia Fundazioaren lana aurkeztu zuen. Hogeita hamarren bat herritar hurreratu ziren, tartean, udaleko ordezkariak, lurjabe batzuk eta naturzale ugari. 

Baso Biziak elkartearen sorreraren nondik norakoak, orain arte izandako garapena eta egindako ekimenak eta aurrerantzean izan nahi duen jarduna eta funtzionamendua azaldu zituen Koldo Azkorbebeitiak Baso Biziak elkartearen aurkezpen ekitaldian.

Besteak beste, Azkorbebeitiak esplikatu zuen elkartea sortzeko “momentu klabea” izan zela ikustea pinuen gaixotasunaren ondoren, haien lekuan eukaliptoak landatzeko joera nabarmentzen hasi zela. Gaineratu zuen tendentzia hori orokorra izan arren, herriko elkartea sortzea erabaki zutela “fokua” Soraluzen nahi zutelako jarri. Eta poza partekatu zuen, sortu eta gutxira elkartera 100 bazkide batu zirelako.

Azken hilabeteotan egindako kudeaketa-lan eta landaketen berri ematearekin batera, Azkorbebeitiak nabarmendu zuen elkartearena “epe luzerako lana” dela eta etorkizunera begira, azaldu zuen lursailak erosten eta landaketak egiten jarraitzea dela asmoa. Horrekin batera, "herriko basoen mapa" osatzeko asmoa aipatu zuen, ondoren mapa horiek aztertuz lehentasunak markatu ahal izateko. Gai horiek eta beste hainbat aztertu eta erabakiak hartzeko, elkarteak udazkenean egingo du bazkideen batzarra.

Arturo Elosegi: “Ejenplua ematea da udalek egin dezaketen gauzarik onena”

Elosegik 30 urte daramatza eukaliptoaren eraginak aztertzen eta datu askoren artean nabarmendu zuen azken urteotan eukalipto landaketak “laukoiztu” egin direla eta lehen  Bizkaiko kostaldean bakarrik landatzen bazen, orain Gipuzkoan ere ari dela hedatzen. Elosegik nabarmendu zuenez, eukaliptoak aldaketa handia eragiten du ingurumenean eta ez dago azterketa zientifiko bakar bat ere eukaliptoak ingurumenean eragiten dituen onurak aipatzen dituenoik, alderantziz, azterketa guztiek erakusten dute eukaliptoak biodibertsitatean galera nabarmena eragiten duela.   

“Ingurumen krisi handi baten barruan gaude eta oso azkar hasi beharko dugu gure bizimodua aldatzen” ohartarazi zuen Elosegik eta basogintzaren arloan erakunde publikoek nahiz gizarteak egin dezaketenaz berba egin zuen. Udalei dagokionez, Elosegik udalak animatu zituen lursailak erostera eta ondoren herri-lur horietan bertako zuhaitz motak landatzera: “ejenplua ematea da Udalek egin dezaketen gauzarik onena”.

Lurgaiaren bidea lurraldea "kustodiatuz"

Jon Hidalgo Lurgaia Fundazioko ordezkariak basoen kontserbazioan lan egiten duen fundazioaren berri eman zuen. Hidalgok azaldu zuenez, aurten Fundazioak 18 urte beteko ditu eta momentu honetan bere baliabide ekonomiko guztiak lursailak erostera bideratzen ditu. Azken urteotan, Fundazioaren jarduna nabarmen hazi da "hein handi batean eukaliptoak gizartean sortu duen kezkak eraginda" eta hazkunde horren adibidetzat ipini zuen Bizkaiko Urdaibaiko Landabaso proiektua. “2018an hektarea bakarrarekin hasi ginen eta datozen bi urteetan 400 hektaera kudeatzera helduko garela aurreikusten dugu”.

Lurgaiako ordezkariak ohartarazi zuenez, “gizartea naturatik urruntzen ari den proportzio berean ari dira eukalipto landaketak hazten; belaunaldi berriak lurrarekiko atxikimendua galtzen ari dira”. Horren aurrean, nabarmendu zuen, gakoa lurraldearen “kustodia” gizarteak bere esku hartzea dela.