Luzatu egin dute musika eskolan matrikulatzeko epea

Ubane Madera Zangitu 2021ko eka. 7a, 11:15

Atzo, ekainaren 6an bukatu zen Soraluzeko Musika Eskolan 2021-2022. ikasturtean matrikulatzeko epea. Baina pandemia egoerak eragindako zailtasunak kontuan hartuta, erabaki dute aste honetan ere zabalik mantentzea matrikulazio epea. Beraz, barikura arte eman daiteke izena bertan. Musika eskolako hainbat ikaslek lip-dub-a grabatuz egin dute bertaratzeko gonbita. 

Honako ikasketak egiteko aukera eskaintzen du Soraluzeko Musika Eskolak: Klarinetea, Saxofoia, Pianoa, Gitarra, Soinua, Trikitixa, Panderoa, Txistua, Zeharkako txirula, Biolina, Tronpeta, Abesbatza, Perkusioa, Baxu elektrikoa, Musika tailerra, Talde instrumentala, Gitarra elektrikoa, Folk taldea, Ganbara musika, Musika hizkuntza, Banda, Gazte eta Helduendako musika hizkuntza eta Biolontxeloa.

Erretiratuendako ere bai

Adinari dagokionez, 4 urtetik aurrerako edozeinek ikas dezake musika eskolan. Baita helduek eta nagusiek ere. Are gehiago, aurten, erretiratuei dei berezia egin nahi diete, musika eskolan adinduendako lekua ere badagoela azpimarratuz.

Matrikulatzeko interesa duenak eskolan bertan eman dezake izena eta baita online ere, honako helbidean: labur.eus/aurrematrikula1. Informazio gehiago behar duenak, berriz, eskura du telefono zenbakia ere: 943 75 15 44.

Beherapenak

Musika eskolak beherapenak egiten ditu familia bakoitzak ordaintzen duen kuotaren arabera. Hain zuzen, familia bakoitzaren kuota 90 eurotik gorakoa bada, 90 eurotik pasatzen den horren %50eko deskontua egiten du. Deskontuak onuragarriak dira, batik bat, familietan matrikula bat baino gehiago baldin badaude.