Farola berriak ipintzen ari dira Plaza Zaharrean

Ubane Madera Zangitu 2021ko eka. 7a, 10:48
Farolak kentzen, gaur goizean, Plaza Zaharrean.

Gaur, astelehena, Plaza Zaharreko farolak kentzeko lanak hasi dituzte. Berriak ipini behar dituzte haien ordez. Bederatzi farola, led sistemakoak eta besteak beste, oinarri bakarra dutenak eta gehiago argiztatzen dutenak. Eguaztenerako bukatuko dituzte obrak.

Gaur egun Plaza Zaharrean dauden 14 farolek “arazo asko” ematen dituzte. Iker Aldazabal alkateak esplikatu duenez, mantenu aldetik oso garestiak dira, led argiek baino eraginkortasun energetiko txikiagoa dute eta argiztapen aldetik, jendea kexatu egin da, plaza ez dutelako nahi beste argiztatzen. Gainera, faroletako bat oker dago, haizete baten eraginez. 

Hori guztia kontuan hartuta, Udalak erabaki du farola berriak ipintzea plazan. Gaur hasi dira zaharren oinarriak kentzen eta asmoa da eguaztenerako farola berriak ipinita eta martxan izatea. Guztira, bederatzi farola ipiniko dituzte eta oraingoek baino argiztapen handiagoa emango dute. Laibik eta Izagirre igeltseritzak egingo dituzte lanak. 12.000 euro inguruko inbertsioa egingo du Udalak.