Herritar ugari, Itxaropenako tabernaren irekieran

Ubane Madera Zangitu 2021ko eka. 4a, 10:28

Atzo, eguena, zabaldu zuten Itxaropena Nagusien Elkarteko taberna. Ikusmin handia eragin zuen irekierak eta herritar asko bertaratu zen, erretiratuak, pentsiodunak, helduak zein gazteak. Gaurtik, 11:00etan zabalduko dute taberna. 

Atzo iluntzean, oso lanpetuta baina aldi berean pozik zebilen Itxaropena tabernaren kudeatzaile berri Bego Gallastegi, tabernaren irekierara herritar mordoa bertaratu baitzen. Haiei arreta ematen zien bitartean, Gallastegik kontatu zuen taberna zabaltzeko 10 minutu falta zirenean, dagoeneko hainbat bezero zain zeudela kanpoko aldean. Beraz, badirudi hainbat taberna zabaltzeko gogotsu zeudela.

Hori horrela, zabaldu eta berehala bete zen taberna. Barran zein sukaldean, Gallastegik lagun izan zituen senideak eta laguntzaileak eta guztien artean zerbitzatu zituzten edariak eta ongi-etorri pintxoak. Bezeroek, mahaietan launaka eserita, eskerronez hartu zituzten pintxoak, baina batik bat, pozik hartu zuten taberna zabaltzea, hura bederatzi hilabetez itxita izan ondoren.

11:00etatik zabalik

Denetarik izan zen tabernaren irekieran. Ohiko bezeroak (erretiratuak eta pentsiodunak) baina baita berriak ere. Tartean, euriari aurre eginez, terraza “estreinatu” zuen gazte kuadrilla batek. Hain zuzen, hori ere bada nagusien elkarteko kudeatzaile berrien helburua, erretiratuez aparte, helduak eta gazteak ere erakartzea hara.

Oraingoz, 11:00etan zabalduko dute taberna. Hortik aurrerakoak, egin eta ikusi ahala erabaki eta zehaztuko dituzte, batik bat, bezeroen eskarien arabera.