Ekosistemak babesteko, "hondakinen kudeaketa egokia" lagungarri dela aldarrikatu du Mankomunitateak

Ubane Madera Zangitu 2021ko eka. 3a, 17:42

Ekainaren 5ean, zapatua, Ingurumenaren Mundu Eguna da. Debabarreneko Mankomunitateak egun horrekin bat egin eta “hondakinen kudeaketa egokia” aldarrikatu du, haren bitartez ere babesten direlako “inguruko ekosistemak”. 

Aurten, NBEk (Nazio Batuen Erakundeak) ekosistemak leheneratzeko deia egin du. Berrimajinatu, birsortu, leheneratu leloarekin, helburua du “ingurumenaren degradazioa geldiarazi, murriztu eta lehengoratzea”.  

Hori horrela eta Ingurumenaren Mundu Eguna dela aprobetxatuta, hondakinen “kudeaketa egokia” aldarrikatu du Debabarreneko Mankomunitateak, haren bitartez, “ekosistemak leheneratzen lagun” daitekeela uste baitu. 

Egurra, kristala, petrolioa

“Alde batetik, ahalik eta material gehienak berrerabiliz edo birziklatuz, papera egiteko zuhaitzak moztea saihestuko dugu, beira egiteko mineral gehiago ateratzea ere bai, edo plastikozko ontziak egiteko petroliotik eratorritako material gehiago lortu behar izatea”.

Zentzu horretan, Mankomunitatetik azpimarratu dute eskualdeko gaikako bilketa, %57,36koa, “datu ona izan arren, hobetzeko tarte handia” dagoela “edukiontzi grisean uzten ditugun material birziklagarrien kopurua ikusita”. Horrekin batera, dei egin dute mendietan, ibaietan eta itsasoan zaborrak ez pilatzeko ahalegintzeko, hori baita “inguruko ekosistemek aurre egin beharreko arazo garrantzitsu bat”.