Langabezia beherantz

Ubane Madera Zangitu 2021ko eka. 2a, 14:35

Gutxi bada ere, azken bi hilabeteotan beherantz egin du herriko langabeziak. Gaur argitaratutako datuen arabera, apirilean baino langabe bat gutxiago dago eta martxoan baino 12 gutxiago. Edozelan ere, Soraluzeko langabezia tasa altua da, %13tik pasakoa, eskualdeko altuena. Eibar dator ondoren, baina hango tasa ez da %13ra ailegatzen.

Maiatzean, 250 langabe kontabilizatu dituzte Soraluzen; herriaren langabezia-tasa, berriz, %13,34an kokatu da. Apirileko datuekin alderatuta, txikia da desberdintasuna, langabe bat gutxiago besterik ez baitute kontabilizatu. Martxoarekin alderatuta, berriz, zertxobait handiagoa, izan ere, martxoko langabezia tasa %13,98koa izan zen eta guztira, 262 langabe kontabilizatu zituzten. 

Urte hasieran baino gutxiago

Urtea hasi zenetik ere behera egin du langabeziak Soraluzen; urtarrilean 271 langabe eta %14,46ko langabezia-tasa kontabilizatu baitzituzten. Hala ere, Soraluzekoak segitzen du izaten Debabarreneko langabezia tasarik altuena. 

Eskualdeari begiratuta, oso gutxi bada ere, maiatzean igo egin da langabezia Mutrikun eta Mendaron. Gainontzeko herri guztietan, berriz, jaitsi egin da. Hona hemen datuak, herriz herri:

  • Eibar     1.601         %12,57 
  • Elgoibar   492         %8,90  
  • Mendaro   83          %8,39  
  • Deba       191          %7,17
  • Mutriku    205          %7,70  
  • Soraluze  250           %13,34
  • Debabarrena 2.822   %10,67