Oraingoaren alternatiba izan nahi duen basogintza eredu berria aurkeztu zuten, mistoa eta bertako espezieduna

Ubane Madera Zangitu 2021ko eka. 2a, 13:33

Iñaki Larrañaga eta Markel Arriolabengoa hitzaldia eskaintzen, atzo, Tolarekua aretoan.

Atzo, martitzena, lur-jabeei edo baso-jabeei zuzendutako proposamena aurkeztu zuten, basoak kudeatzeko proposamena, alegia. Orain arte, nagusi izan den basogintzaren ordez -espezie bakarrean eta matarrasan oinarritutakoa- bertako espezietan eta entresakan oinarritutako basogintza mistorako proposamena aurkeztu zuten. Halaber, jakinarazi zuten kooperatiba sortzen ari direla, baso-jabeen indarrak batu eta proiektua bideragarri egiteko.

Iñaki Etxebeste Larrañaga arrasatear biologo eta ikerlariak eta Markel Arriolabengoa Martiarena baso ingeniari aramaioarrak uste dute orain arte garatu den basogintza eredua ez dela posible. Eta ezta errentagarria ere. Horren parean, bertako espezietan oinarritutako baso mistoa proposatzen dute, biodibertsitate handiko basoa, jasangarria. 

Benefizio txikia

Orain arteko eredu nagusia espezie bakarraren esplotazioan egon da oinarrituta, gurean pinua. “Benefizioak eta gastuak aztertzea besterik ez dago. Pinuak 30 urteotan bi gaitz jasan ditu eta hirugarren bat ate-joka dugu (…) Gainera, pinu askok gaur egungo beharretarako ez dute balio, duten egoerarengatik”.

Jakinarazi zutenez, hala ere, sektorearen oraingo tendentzia nagusia da eredu kontinuistari eustea. Hau da, espeziez aldatu baina espezie bakarraren eta matarrasaren sistemari eustea.

Etxebesteren eta Arriolabengoaren ustez, berriz, hori ez da egokia. “Gure eta komunitate zientifiko handi baten ustez, espeziea aldatu eta orain arteko ereduarekin segitzea ez da aproposa”. Halaber, uste dute matarrasa sistema ere ez dela egokia eta haren ordez, entresakan oinarritutakoa proposatzen dute.  

C02aren konpentsazioa

Bi adituek proposatzen dutena da biodibertsitate handia duen basoa sortu eta kudeatzea. Haren errentagarritasuna ziurtatzeko, tartekatzea hazteko urte asko behar dituzten zuhaitzak (haritzak…) urte gutxiago behar dituztenekin (astigarrak…). Hartara, 30 urtetik aurrera, 10 urtean behin aprobetxamendu ekonomikoa lortzeko aukera eskainiko du baso horrek. 

Hori egurraren aprobetxamenduari dagokionez. Izan ere, basoetan bestelako aprobetxamendu ekonomikoak badaudela azpimarratu zuten bi adituek. “CO2a gutxitzearren edo CO2aren konpentsazioa egitearren diru-sarrera onak eskura daitezke gaur egun. Gainera, kontu horiek oso bizkor datoz. Aisialdirako ere aprobetxa daiteke basoa. Aramaiora, gasteiztar asko dator perretxiko bila. Ehizarako… (…). Bestalde, teknologia berriei esker, adarrak eta bestelako egur hondarrak material erabilgarri bilakatu ahalko dira. Malguak izan behar dugu merkaturatu ahal izateko”. 

Indarrak batzeko, kooperatiba

Esplikatu zuten, bide horretan, orain lur edo baso-jabeen kooperatiba sortzen ari direla: Tantai. Mondragon Unibertsitatearen antzerako egitura izango du eta bazkide bitartez funtzionatuko du. “Bazkide izango den baso-jabeak izango du erabateko erabakimena. Bakoitzaren erritmoak errespetatzea da helburua, bai duen lursailaren ezaugarrien araberako erritmoa zein lur-jabe horrek dituen baliabide ekonomikoen erritmoa”. 

Tantai kooperatibaren bitartez, lur-jabeen indarrak batu eta gastuak txikitzea da helburua. Baita beharrezkoa den gidaritza teknikoa eskaintzea ere. Esaterako, atzo Soraluzen izan ziren bi adituak Europako hainbat lurraldetan garatzen den basogintzatik ari dira ikasten, Frantzia, Britania Handia… Jakintza hori guztia ere elkarbanatuko da kooperatibako bazkide izango direnen artean.

“Oraingoz, 600 hektarearen jabe direnen interesa dugu, Euskal Herri guztikoak. Haien artean daude jabe pribatuak, erakunde publikoak zein elkarteak”. Ildo horretan, hitzaldira bertaratu zen Iker Aldazabal alkateak aholkua eskatu zien Askabeittin Udalaren jabetzakoak diren gaitzak jotako bi hektareako pinudian egin daitekeenaz. Erantzun zioten, proposamena egin ahal izateko, aztertu egin beharko liratekeela basoaren ezaugarriak, bertan ze espezie dagoen eta abar. 

Bi adituek azpimarratu zuten gauza bera egingo dutela eurek proposatutako basogintzan edo kooperatiban parte hartu nahi duten jabeekin. “Haien lursailak aztertu eta txostena eskainiko zaie”. Eurekin harremanetan jartzeko: 690 08 47 73 edo info@errez.eus. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.