"Grabatuta entzun nuenean, pentsatu nuen polita geratu zela"

Ubane Madera Zangitu 2021ko eka. 1a, 11:08

Arrasate Musikaleko Txistulari Bandak maiatzaren 8an estreinatu zuen Askabeitti zortzikoa, Domentx Uzinek sortutako pieza berria, hango Kulturateko areto nagusian. Uzinek sortutako Atxolin pieza ere talde berarekin estreinatu zuten orain bost urte, Aramaioko Gantzaga auzoan. Azken bost urteotan, bost pieza konposatu ditu Soraluzeko musikariak.

Zergatik Arrasaten?
Han txistu ikasle naizelako eta zerbait konposatzen badut, gustatzen zait han erakustea, nire maisuari eramatea. Juan Karlos Larreategi dut maisu, maila altuenetan dabil hura, Ansorenaren ikaslea izan da…
Zelan asmatzen da pieza bat?
Gogoa izan behar da. Adibidez, kalejira bat egiteko gogoa nuen. Atxolin sortu nuen. Oraingo honetan, zortziko baten txanda izan da. Piezen izenak, berriz, bertakoak etortzen zaizkit burura, kanpotarrek ezagutzen ez dituzten bertako leku politenak. Gogoratzeko hor daudela eta ezagutzera emateko. Bi pieza horien harira, adibidez, arrasatearrek galdetu zidaten ea non dauden leku horiek. Bestalde, Askabeitti piezari dagokionez, berezitasuna du, batik bat, bigarren partean. Besteak beste, silboteak protagonismo berezia dauka pieza osoan, baina bigarren partean ia-ia bakarlari moduan azaltzen da. Nik Arrasaten silbotea jotzen dut eta harreman berezia daukat instrumentu horrekin. Txistu taldeetan ez da oso kontuan hartzen silbotea.
Behin gogoa sentituta, zelan sortzen da pieza bat?
Nik inpulsoka funtzionatzen dut. Denboratxoa daukadanean egiten joaten naiz, lasai. Ez dut presarekin hartzen. Tarte luzea kentzen dit, 4-6 hilabete. Batzuetan, presa apur bat izatea tokatu daiteke. Adibidez, Ezozia izeneko trilogia (fandangoa-arin-arin eta biribilketa) estreinatzeko biribilketa egiteko daukat oraindik. 2-3 urte daramatzat eta ezin izan dut oraindik estreinatu.
'Askabeitti'-ri buruz zelako iritziak jaso dituzu?
Onak. Estreinaldirako ez nuen ilusio larregi, baina gero, grabatuta entzun nuenean, pentsatu nuen polita geratu zela eta familiari eta lagunei erakusteko gogoa sentitu nuen. Jendeari gustatu egin zaio, nire maisuari ere bai. Bai musika eta baita izena bera ere oso gertuko sentitzen ditugula uste dut.
Behin pieza bat sortuta, zabalpena ematen zaio hari?
Ni ez naiz handizalea. Ez dut SGAEN erregistratzeko gogorik eta ezta ere asko zabaltzeko. Nire txistu mundua bailara da. Hor eta plazentziatarren artean ezaguna egiten bada, nahikoa da. Egia esan, ez da pieza erraza. Nire gustura egin dut, oraingoan.
'Plazentziatarrak' pieza ere zurea da…
Bai. Eskaera izan zen. Jauzi-dantza asko entzun, estiloa kontuan hartu eta pausoak non sartu komeni den kontuan hartuta konposatu nuen, herriko jauzi-dantza proiekturako. Ahalik eta jende gehienak dantzatzeko pieza erraza sortu nuen.