Ostalaritza gauerdira arte egon daiteke zabalik

Erredakzioa 2021ko mai. 31a, 19:31
Iñigo Urkullu eta Gotzone Sagardui, gaur. Argazkia: Irekia.

Eguaztenetik, ekainaren 2tik, bost neurri arindu egingo direla iragarri du Lehendakariak, LABIren aholku batzordearen ondoren. Adibidez, tabernek eta jatetxeek bi ordu gehiagoz luzatu ahal izango dute itxiera ordutegia. Beste hainbat neurri arinduko dira, berriz, baldin eta hiru indikadorek behera egiten badute; besteak beste, elkarte gastronomikoek itxita segituko dute, oraingoz.

Bihar, martitzena, argitaratuko dira LABIren aholku batzordeak adostutako neurri berriak eta etzi, eguaztena sartuko dira indarrean. Honako hauek:

  • Aire zabaleko kirol-jarduera pertsona-kopurua mugatu gabe egin ahal izango da.
  • Establezimenduak ixteko eta jarduerak eteteko ordutegia 00:00ak arte luzatzen da.
  • Garraio publikoaren irteteera ordutegia 00:00ak arte luzatu daiteke.
  • Aisialdiko taldeak gehienez 10 lagunekoak izango dira, betiere egonkorrak direla bermatzen bada.
  • Aire libreko erakusketa eta gune turistikoetako bisitetan taldeak 10 lagun artekoak izan litezke.

Kirol ekitaldietan ikusleak

Bestalde, beste bederatzi neurri arintzeko erabakia hiru adierazleren bilakaerak baldintzatuko du: osasun zerbitzuen okupazioak, ZIUen ohe erabilpena bigarren agertokira jaisteak edo intzidentzia tasa 150 kasuen azpitik kokatzeak.

Adierazle horiek betetzen direnean, honako bederatzi neurriak ere sartuko dira indarrean:

- Jarduerak eteteko eta establezimenduak ixteko ordutegiak gaueko 01: 00etara luzatzea.

- Merkataritzan, azoketan, azoka txikietan, kanpoko kultura-ekitaldietan eta kultu-aretoetan edukiera handitzea.

- Ekitaldietarako gehieneko edukiera handitzea: 600 barnealdean eta 800 kanpoan.

- Ostalaritzan mahai bakoitzeko sei pertsona egotea.

- Txokoak eta elkarte gastronomikoak irekitzea, ordutegia, edukiera eta distantzia mugekin.

- Barruko esparruetan kirol-jarduera ahalbidetzea, gehienez 10 pertsonako taldeetan.

- Kirol-ekitaldietan publikoa baimentzea. Beti %60ko edukierarekin eta gehienez, 800 pertsonako edukierarekin barnealdean edo 1.200 pertsonako edukierarekin kanpoan.

- Bisita gidatuen, naturako turismoaren, aisialdi-zentro turistikoen eta abarren kanpoko jarduerak antolatzeko pertsona-taldeak handitzeko aukera ematea.

- Edukiera % 60ra handitzea igerilekuen, lorategien, hoteletako terrazen eta kanpinen kanpoaldean.

Iñigo Urkullu lehendakariak azaldu duenez, adituek kutsatzearen jaitsieraren balizko geldotzea aurreikusten dute.

Hori horrela, osasun egoeraren bilakaera zein den ikusi nahi dute neurri gehiago arintzeko. 20 egun barru aztertuko dute berriro egoera. Bien bitartean, "zuhurtzia" eskatu du Lehendakariak.