Milaka lagun mobilizatu ziren

Ubane Madera Zangitu 2021ko eka. 1a, 09:01

Atzo, astelehena, joan den asteko eta asteburuko mobilizazioak izan zituzten hizpide pentsio publiko duinen aldeko elkarretaratzen. Besteak beste, jakinarazi zuten Gipuzkoan 16.000 lagun inguru mobilizatu zirela. Horrez gainera, salatu zuten bizikleta martxakoei erruberak zulatu zizkietela. Atzo, 40 bat lagunek babestu zuen protesta ekimena.

Asteburuan, Gipuzkoan bi mobilizazio egin ziren, bata Eibarren eta bestea Donostian. Hainbat soraluzetar Eibarkoan izan ziren.

Bestalde, Gipuzkoan egindako mobilizazioekin batera, bestelako hainbat ere egin ziren Euskal Herrian. Adibidez, Bilbokoan 10.000 lagun inguruk parte hartu zuen. Atzoko elkarretaratzean jakinarazi zuten Estatuko hainbat puntutan ere aldarrikatu zituztela pentsio publiko duinak.

Bestalde, atzoko elkarretaratzean, astelehena, eskerrona helarazi zuten pentsioen aldeko bizikleta martxaren harreran parte hartu zutenei, ekimenaren oso balorazio positiboa egin zuten. Baina, horrekin batera jakinarazi zuten, baita ere, Usurbilen, bi errubera zulatu zizkiotela martxako furgonetari eta beste bi kamionetari. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.