Gaur arratsaldean, domeka, egin dute 27. Kaleko Margo Lehiaketako sari banaketa. 25 margolanen artean aukeratu behar izan dute epaimahaikideek hiru onenak. Jose Agustin Larrañaga, Jose Luis Martinez de Antoñana Lezama, Maria Luisa Blasco del Amo eta Paula Pinilla Bahamonde izan dira epaimahaikideak. Lehiakideak, berriz, ingurutik zein urrutitik etorri dira: Bergara, Biarritz, Donostia, Leioa, Bilbo, Haro…
Bitxikeria moduan, irabazlea, Ricardo Azkargorta bergararra ez da bertaratu sari banaketara. Edozein kasutan, lehen saria eskuratu du berak, 600 euro. Bigarren izan den Julio Gomez leioarrak, berriz, 400 euro irabazi ditu. Eta hirugarren izan da Leticia Gaspar bilbotarra, 300 euroko saria poltsikoratuz.
"Herriaren arima"
Bigarren eta hirugarren saridunek pozik hartu dute epaia.
Gomez beteranoa da Soraluzeko lehiaketan, 27 edizioetan parte hartu du eta urtero irabazi du sariren bat. “Ahalik eta ondoen” egiten saiatzen dela esan du. Gaurkoan, Errabaleko etxe baten aurreko aldea margotu du: “Gai interesgarriak ditu kale horrek. Ibai inguruko etxe batzuk modernatu egin dira baina aldi berean, kaleak gordetzen ditu antzinako eraikinak. Herriaren arima nahi nuen erakutsi”. Datorren urtean ere etorriko dela esan du.
"Oso leku polita"
Gasparrek, berriz, hirutan parte hartu du lehiaketan eta birritan irabazi du sariren bat. Loralde ingurua margotu du gaur: “Iruditu zait oso leku polita. Oso zaharra. Hango emakumeak, gainera, esan dit etxe horren inguruan hasi zirela auzoa eraikitzen”. Datorren urtean, ahal badu, etorriko dela adierazi du.
Irabazleen margolanak Udalaren esku geratu dira. Gainontzekoak, berriz, erakusketa gelan izango dira datozen bi asteotan, herritarrek ikus ditzaten. Gainera, margolan batzuk erosteko aukera ere izango da.
110 ume
Umeen lehiaketari dagokionez, berriz, 110 umek hartu du parte, iaz baino 30 pasa gehiagok. 15 saridun izan dira, baina partaide guztiek jaso dute oparitxoa, parte hartzearren.
Hona hemen saridunak, mailaz maila:
Haur Hezkuntza:
- 1. saria: Irati Ariznabarreta
- 2. saria: Eire Beretxinaga
- 3. saria: Sara Muñoz
Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailak:
- 1. saria: Intza Baglieto
- 2. saria: Nahia Larreategi
- 3. saria: Salma Mirate
Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailak:
- 1. saria: Fatima Bensaad
- 2. saria: Sugar Ostolaza
- 3. saria: Ihart Prieto
Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailak:
- 1. saria: Paula Espigares
- 2. saria: Jurdana Viciosa
- 3. saria: Lide Sudupe
Bigarren Hezkuntza:
- 1. saria: Garazi Prieto
- 2. saria: Amaia Gonzalez
- 3. saria: Doha Sadoune