"Zilarrezko" eta "urrezko" odol emaile soraluzetarrei aurten bai emango dizkiete intsigniak

Ubane Madera Zangitu 2021ko mai. 28a, 11:46
Soraluzetar odol emaileak azken aitortza publikoan, 2019an.

Pandemiak eragindako egoera dela-eta, Gipuzkoako Odol Emaileen elkarteak erabaki du urtero odol emaile oparoenei ematen zaizkien intsigniak tokian tokiko ordezkaritzatan entregatzea. Guztira, 496 emaileri emango diete eskerron hori, tartean, sei soraluzetarri. Iaz ezin izan zuten intsigniarik eman. 

Aurten bere odola 25 eta 50 aldiz ematearren aitortza jasoko duten soraluzetarrak honakoak izan dira: Oiher Arantzeta Oruna, Eneritz Buruntza Tornos, Maite Lete Irasuegi eta Pablo Murgoitio Ribera (25 aldiz). Gotzon Epelde Ezenarro eta Albeto Bengoa Solozabal (50 aldiz).  

Gipuzkoan, berriz, 496 izan dira guztira. “Guztien artean 23.305 aldiz eman dute odola eta, emaile horiei esker, milaka bihotzek taupadaka jarraitzen dute Gipuzkoan”, azpimarratu dute Gipuzkoako Odol Emaileen elkartetik.

"Ekintza xumea"

Eskuzabaltasun hori eskertzeko, Gipuzkoako elkarteak urtero eman ohi ditu zilarrezko zein urrezko intsigniak, Eibarren egin izan duten ekitaldian. Baina iaz ezin izan zuten ezer egin, COVIDaren eraginez eta aurten, ezer ez egitea baino, nahiago izan dute intsigniak ematea, tokian tokiko ordezkaritzetan izan arren. Eta halaxe egingo dute.

“Ekintza xumea izango da, ia ikusezina. Milaka pertsonak urtero Gipuzkoan egiten duten odol-ematearen irudikapena izango da, isilean, modu anonimoan eta trukean ezer espero gabe”, esan dute.