"Nire ustez antzezlan feminista da, antibelizista eta antikapitalista" Piedad Larrañaga (plazentziatarra)

Egoitz Unamuno 2021ko mai. 27a, 08:00
Piedad Larrañaga (ezkerrekoa) antzezlanaren une batean.

Piedad Larrañaga Hernaltes (Soraluze, 1945) zapatu arratsaldean (19:30ean) Arteko konpainiak taularatuko duen Madre Coraje (Ama Kuraia) antzezlaneko protagonista nagusia da. Urte asko dira Gasteizen bizi dela eta “ilusio berezia” egiten dio bere jaioterrian aktuatzeak. Piedad Larrañagak hirurogeita hamabost urte ditu eta “pasioz” bizi du antzerkia.

Zer kontatzen du Madre Coraje antzezlanak?

Beltor Brech idazle ezagunak Hitlerrengandik ihesi zijoala idatzi zuen antzezlan hau, bigarren mundu gerran. Brech-en obrak nazismoaren aurka berba egiten dute eta sinbologia handikoak dira. Antzezlan hau XVII. mendean dago girotua, Europa arrasatu zuen gerran. Gerra hari 30 urteko gerra deitzen diote. Erlijioa izan zen eragile nagusia; protestanteen eta katolikoen arteko borroka. Izugarrizko sarraskia eta gosetea eragin zuen Europa osoan.  

Antzezlaneko protagonista (Ama kuraia) hiru seme-alabaren ama da eta gerraren erdian bizitzea egokitu zaio. Herrialde batetik bestera doa eta bere bizitza kontraesanez beteta dago. Asko maite ditu bere seme-alabak baina dirua eta aberastasuna ere desiratzen ditu eta balantza horretan bizi da etengabe.

Ez da emakume zuzena edo perfektua.

Ez. Nire iritziz, antzezlan feminista da. Lehenik eta behin protagonista emakumezkoa da eta hori ez da batere ohikoa antzerkian. Eta gainera, emakume autonomoa da, gizonezkoak ez zaizkio axola batere; hiru seme-alaba ditu eta bakoitza gizon batena da.

Orokorrean, obra erabat antibelizista da eta esango nuke antikapitalista ere badela, gaur egun ezartzen ari zaizkigun bizimoduaren aurkakoa guztiz.

Noiz estrenatu zenuten obra?

Aurtengo martxoan, Gasteizen. Gero Agurainen ere eskaini genuen. Orai arte, lau aldiz eskaini dugu eta lauretan agortu dira sarrerak. Hurrengoa, Soraluzen.

Ez da Soraluzera antzeztera zatozen lehen aldia.

Ez. Duela lau-bost urte ere joan ginen beste antzezlan batekin. Orduan Woddy Allenen antzezlan baten moldaketa eskaini genuen: Sucedió en otoño.

Egia esateko, ilusio berezia egiten dit nire jaioterrian aktuatzeak. Nire sustraiak Soraluzen daude eta asko maite dut herria.

Kuriositatez, noiz hasi zinen antzerkian?

2010ean, duela 11 urte. Jubilatu nintzenean,  Gasteizko antzerki eskolan eman nuen izena eta lau urte egin nituen interpretazioa ikasten. Gerora, Arteko konpainia sortu genuen sei emakumeren artean.

Gaztetatik nuen antzerkirako grina. Gogoan dut, Soraluzen bizi nintzela, 16-18 urterekin, bagenuela lagun talde bat antzeztea gustatzen zitzaiona. Labaderogain ondoko lokalean, Betanian, entsaiatzen genuen (gaur eguneko Gaztetxea). Urtean behin, obra bat prestatzen genuen eta eliza ondoko antzokian eskaintzen genuen gero. Orduan piztu zitzaidan antzezteko grina eta bizitza guztian izan dut su hori piztuta barrenean. Behin su hori pizten zaizunean, antzeztea beharra sortzen zaizu eta bihurtzen da bizitzeko behar duzun gauza.