Biraka Bizi Jaialdia, barikuan

Ubane Madera Zangitu 2021ko mai. 26a, 09:48

2019an Biraka Tube egin zuten.

Barikuan, Biraka Bizi Jaialdia egingo dute Arane frontoian. Herriko 50 bat dantzarik eta Elgoibarko beste 30 inguruk hartuko dute parte jaialdian. Pandemiara egokitutako ikuskizuna izango da. Besteak beste, ez da egongo sarrerarik eta ohi baino goizago egingo dute dantzaldia, 20:00etan.

Barikuan, 5 taldetan banatuta egingo dute dantza-saioa Soraluzeko dantzari gazteek. 2014an jaiotakoak izango dira gazteenak eta nagusienak, berriz, DBHkoak. Jaialdia osatzeko, Elgoibarko dantzari nagusiekin osatutako beste lau taldek ere egingo dute erakustaldia, 30 bat dantzarik. 

“Ez dugu dantzari gehiago sartzeko aukera, aldagelen erabilerako edukiera-muga errespetatzeko”, esplikatu du Josu Mugikak, Biraka Dantza Taldeko arduradunak. 

Dantzari bakoitzeko bina guraso

Mugikak emandako xehetasunen arabera, Birakaren aurtengo ikuskizuna egin ahal izateko, bestelako egokitzapenak ere egin dituzte. Nabarmenena da ezin izango dela ikuslerik bertaratu sarrera barik eta sarrerak ez daude salgai. 

Izan ere, bakarrik bertaratu ahal izango dira Birakan parte hartzen duten dantzari bakoitzeko bi guraso, 100 ikusle, guztira (bestetan 600 bat egon izan dira). Elgoibarko dantzarien gurasorik, berriz, ez da bertaratuko, edukiera errespetatu ahal izateko.

"Bizirik gaudelako"

Saioak 45-50 minutu iraungo du eta19:50ean zabalduko dute gurasoak bertaratzeko sarrera. Abisatu dute 20:00etarako itxiko dutela frontoirako atea izan ere, puntual-puntual hasiko da ikuskizuna.

Birakako zuzendaria pozik dago jaialdia egin ahalko dutelako: “Behintzat aukera izan dugu zerbait egiteko. Biraka Bizi Jaialdia izena ipini diogu, pasatu den guztia pasatuta ere bizirik gaudelako. Guretzat oso zaila izan da aurrera jarraitzea. Eibarren, adibidez, jarraitu ahal izan dugu, Elgoibarren eta Mendaron, berriz, ez digute laga eta Soraluzen, bai. Bestalde, pozik gaude sikiera ikusle apur batzuekin egin ahal dugulako Soraluzeko ikuskizuna. Beste herri batzuetan ezin izan dugu egin ikusleekin”.