“Erreferendum bidez erabakitzea posible egitera goaz” Gure Esku

Egoitz Unamuno 2021ko mai. 24a, 14:00

Zapatu eguerdian Gure Eskuk Zubi Nagusia eta Gabolatseko zubia sinbolikoki lotu zituen giza-katea egin zuen, erreferendumaren aldeko Hamaika Gara ekimena aurkezteko antolatutako ekimenaren baitan. Sinadurak batzearekin batzearen batera, dei egin zieten herritarrei uztailaren 3an Bilbon egingo den mobilizazioan parte hartzeko. Argazkiak: Fernan Oregi.

Bertso jarrien eta abesbatzaren kantuen artean abiatu zen zapatuan erreferendumaren aldeko giza-katea. Hirurogeiren bat herritarrek parte hartu zuten bertan eta antolatzaileek banatutako ohialei helduta, Kiroldegiko pasealekutik eta Gabolatsetik buelta egin zuten ibilbidea berriz Zubi Nagusira heldu arte.

Monika Muro eta Xabier Alberdi Soraluzeko Gure Dagoko kideek irakurri zuten eguneko mezu nagusia: “Ez gaude inoren zain! Herritarron garaia da, ez elote politikoak zer egingo zain egoteko unea. Eragile eta herritarrok badugu gaitasuna herri erronkei aurre egiteko beharrezko adostasunak josteko. Zubigile izateko bokazioa dugu, baina gure asmoak betetzeko, gurekin bat egiteko prest egongo den zubigile asko beharko dugu”.

Herritarrei hiru “erronka” proposatu zizkieten: “www.hamaikagara.eus webgunean sartu eta erreferendumaren aldeko manifestua sinatzea, eta horrekin batera, kanpainaren eskumuturrekoa eskuratu eta janztea; 11 sinaduren erronkari eutsi, eta inguruko 11 lagunek, gutxienez, manifestua sinatu eta erronkarekin bat egin dezaten saiatzea; eta azkenik, eraikitzen ari garen oinarri sendo hori ikusarazteko, uztailaren 3an, Bilboko Areatzan egingo dugun mobilizaziora joatea”.

Erlazionatuak

Gure Eskuren giza-katea bideoan

Egoitz Unamuno 2021 mai 25 Soraluze