Baso Biziak Elkarteak jardunaldia antolatu du ekainaren 3rako

Ubane Madera Zangitu 2021ko mai. 20a, 11:09
Baso Biziak elkarteak antolatutako landaketetako bat.

Soraluzeko Baso Biziak Jardunaldia antolatu dute datorren ekainaren 3rako. Hiru ekimen egingo dituzte haren baitan. Batetik, Soraluzeko Baso Biziak elkartea bera aurkeztuko dute. Bestetik, Lurgaia Fundazioa aurkeztuko dute eta azkenik, Eukaliptoen Ingurumen Eraginak hitzaldia izango da.

2020tik dihardu lanean Soraluzeko Baso Biziak elkarteak, urte amaiera ingurutik. Azaroan sortu zuten elkartea bera, bazkidetza kanpaina abiarazi, 100 bazkide pasa lortu eta besteak beste, Soraluzen, bertako zuhaitzak landatzeko bi jardunaldi antolatu dituzte 2021eko lehen hilabeteetan. 

Orain, elkartea publikoki aurkeztuko diete herritarrei. Besteak beste, horretarako antolatu dute ekainaren 3ko jardunaldia. Herri Antzokian da hitzordua. 18:30ean hasiko da eta Baso Biziak elkartea aurkeztearekin batera, Lurgaia Fundazioa ere aurkeztuko dute, bi elkarteak elkarlanean jardun eta jardungo baitute “bertako baso bizien alde”.

Jardunaldia borobiltzeko, Euskal Herriko Unibertsitateko Ekologia katedradun Arturo Elosegik eukaliptoen gaineko hitzaldia eskainiko du, zehazki, zuhaitz mota horrek ingurumenean duen eraginaren berri emango du.