Seme-alaben sexu-heziketan laguntzeko hitzaldia, gurasoentzat

Ubane Madera Zangitu 2021ko mai. 20a, 09:22

Nola lagundu gure seme-alaben sexualitatea? izenburuarekin, gurasoei zuzendutako hitzaldia antolatu dute ikastetxeetako guraso elkarteek eta Udalak. Sexu-heziketa zer den, lehen hilerokoa, sexu-harremanak, masturbazioa, pornografia eta bestelako kontzeptuak landuko dituzte. Bihar, barikua, itxiko da izena emateko epea.

Plaentxi Herri Eskolan zein Soraluzeko DBH Institutuan sexualitateari buruzko formazioa eman diete LH5-6 eta DBHko ikasleek. “Baina, seme-alaben heziketa ez denez soilik ikastetxearen ardura, baita familiakoa ere, lan horretan laguntzeko gurasoei zuzendutako hitzaldia” antolatu dute, haien gurasoei zuzenduta.

Hitzaldia maiatzaren 26an eta 27an izango da. Lehen egunean euskaraz eta bigarrenean gaztelaniaz. 18:30ean izango dira bi hitzaldiak, Herriko Antzokian. Honako kontzeptuak landuko dituzte, besteak beste:

  • Sexu heziketaren esanahia eta zentzu zabala
  • Etxetik eta familiaren bidez lantzeko hainbat giltzarri
  • Lehen hilerokoa, lehen sexu-harremanak, masturbazioa, pornografiaren kontsumoa…

Izena emateko

Hitzaldia egiteko gutxieneko guraso kopurua beharko da. Hori horrela, parte hartu nahi duenak aldez aurretik izena eman behar du. Bihar, barikua, da horretarako azkeneko eguna eta HEMEN klikatuta eman daiteke izena. Baita telefonoz udaletxera deituta ere: 943 75 30 43.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.