'Erik eta Win', adiskidetasunaz berba egiten duen ikuskizuna zapatuan

Egoitz Unamuno 2021ko mai. 19a, 08:00

Erik eta Win ikuskizuneko partaideak.

Zapatu arratsaldean (19:00etan), Ander Lizarralde eta Unai Muñoa bertsolariek Erik eta Win ikuskizuna eskainiko dute antzokian. Adiskidetasunaren eta harremanen bilakaera lantzen duen obra berezia da, bertsoa, antzerkia, poesia eta musika uztartzen dituena. Oharra:Plaentxia.eus-ek emanaldirako hiru sarrera bikoitz zozkatzen ditu HEMEN. 

Erik eta Win ikuskizuna Asier Sota antzezle eta zuzendari lasartearrak zuzendu du eta bertan, Ander Lizarralde Jimeno eta Unai Muñoa Amundarain bertsolariek, "euren arteko harremanaren eboluzioa ardatz hartuta", harreman intimoen barrunbeetan begiratzen dute. "Nola erakarri ziren, nola nabigatu duten botere harremanetan, nola elkar lagundu duten, nola konpetitu duten, zein nolako harremanak izan dituzten emakumeekin eta nondik nora hurbildu zatzaizkien, nola ezkutatu eta agertu dituzten zenbait desio eta behar emozional…". 

Horrekin batera, gaur egun gizon izateak mantentzen dituen estereotipoen gainean hausnartzen dute. "Orokorrean sumatu litekeen nora-eza ere bistaratzen dute. Gizon eredu berriak sortzea premiazko eginkizuna dugula islatzen dute, eta horretarako erantzun zuzenik ematen ez bada ere, etorkizunera begiratzen duten urratsak xuxurlatzen direla, esan liteke".

Antzerki, bertso eta poesiaz gain, ikuskizunak zuzeneko musika du, Imanol Kamio eta Aitor Atxaga musikarien eskutik, piano, eskusoinu, baxu eta gitarra lagun. 

Sarrerak Iratxo goxodendan daude salgai 5 euroko prezioan.