Pentsioen aldeko bizikleta martxa Soraluzetik ere pasatuko da

Erredakzioa 2021ko mai. 18a, 17:03
Hainbat herritar pentsioen alde, atzo, astelehena.

Datorren astelehenean hasi eta barikura arte, Gipuzkoa zeharkatuko duen pentsioen aldeko bizikleta martxa egingo dute. Egunero etapa jakin bat egingo dute pentsio publiko duinak aldarrikatuz. Eta Soraluzetik ere pasatuko dira, maiatzaren 27an. Olatik sartu eta Mendiolatik irtengo da martxa. Hala jakinarazi zuten atzoko elkarretaratzean. 

Astelehenean, maiatzaren 24an, Errenteriatik abiatuko da Gipuzkoako Pentsiodunak elkarteak antolatu duen bizikleta martxa. Pentsio publiko duinak! Murrizketarik ez! leloarekin, Gipuzkoa zeharkatuko du herriz herri, barikura bitartean. 

Honako etapak egingo dituzte:

  • Maiatzaren 24: Errenteria-Tolosa
  • Maiatzaren 25: Tolosa-Zumarraga-Urretxu
  • Maiatzaren 26: Zumarraga-Bergara
  • Maiatzaren 27: Bergara-Deba
  • Maiatzaren 28: Deba-Usurbil
  • Maiatzaren 29: Usurbil-Donostia

Ola-Mendiola

Maiatzaren 27ko etapan Bergaratik Soraluzera etorriko dira, errepidetik. Olatik sartuko da bizikleta martxa, 09:35ean eta honako ibilbidea egingo du: Santa Ana-Plaza Berria-Kalebarren-Plaza Zaharra-Gabolats-Ezozibide-Mendiola. 

Soraluzen, zain izango ditu herriko pentsiodunen mugimenduko kideak eta pentsio publiko duinak aldarrikatu nahi dituzten soraluzetarrak. Bizikleta martxari herriko ibilbidean lagunduko diote. Soraluzeko hitzordua da 09:15ean. 

Atzoko elkarretaratzean eman zuten horren berri eta martxan parte hartzeko deia egin zuten. Elkarretaratzeari dagokionez, berriz, 50 bat lagunek parte hartu zuen.