Zubien arteko giza-katea antolatu du Gure Eskuk zapaturako

Egoitz Unamuno 2021ko mai. 18a, 11:00
Gure Eskuren ekimena zubian, 2016an.

Soraluzeko Gure Eskuk Zubi Nagusia eta Gabolatseko zubiak lotuko dituen giza-katea antolatu du zapatu eguerdian, Hamaika gara ekimena ezagutarazteko helburuarekin. Giza-katea eguerdiko 13:00etan eratuko dute Zubi Nagusitik abiatuta.

“Hamaika gara ekimena ezagutzera emateko, herritarrak aktibatzeko, sinadurak biltzeko eta uztailaren 3an Bilbon egingo den mobilizazioari begira motorrak berotzeko” antolatu du zapatuko giza-katea Soraluzeko Gure Eskuk. Zubiak “metafora” moduan hartuta, “askotariko herritarrak elkartzeko zubi moduan irudikatu” nahi du zapatuko ekimena Gure Eskuk.

Eguerdiko 13:00etan

Erabakitzeko eskubidearen aldeko herritar mugimenduak eguerdiko 13:00etan jarri du hitzordua Zubi Nagusian, handik  Gabolatseko zubiraino, bi zubiak lotu asmo dituen giza-katea eratzeko. Giza-katearen ostean, ekitaldi labur bat egingo dute, herritarrak erabakitzeko eskubidearen eta erreferendumaren alde sinatzera animatuz. Gainera, sinatu ahal izateko mahaia ere ezarriko dute Zubi Nagusian bertan (online ere sinatu daiteke). 

Uztailaren 3an, Bilbora

Hamaika gara ekimena 2020ko martxoan abiatu zuen Gure Eskuk, "erreferendum bidez erabakitzearen aldeko atxikimendu eta konpromiso pilaketa masiboa" eragin, "erabakitzeko eskubidea gauzatzearen aldeko jarrera nagusia" ikustarazi eta "Euskal Herriko lurraldeetan "urrats eraginkorrak" emateko helburuz. Osasun krisiak guztiz baldintzatu du ekimena eta azken hilabeteotan ekitaldi jendetsurik egin ezinik egon eta gero, uztailaren 3an  azken hilabeteotako lehen mobilizazio jendetsua egin nahi du Gure Eskuk Bilbon. 

Amalur Alvarez Gure Eskuko bozeramaileak mobilizaziorako deialdian adierazi zuenez, pandemiak eragin duen egoeraren ondoren "burujabetzan sakontzea hil edo biziko kontua" izan daiteke. "Autogobernu esaten dioten horrek ez digu bizi dugun osasun krisiari aurre egiteko beharrezko neurriak hartzeko gaitasunik eman. Autogobernua hau bada, onar dezagun zintzotasunez ez dela nahikoa", gaineratu zuen. 

 

 

 

 

 

 “Elkarrekin bizi gara, eta elkarrekin erabakiko dugu, edozein dela bakoitzaren sorterria edo hizkuntza. Inor ez da ilegala: eskubide zibil eta politikoak bertan bizi garen herritar guztionak dira, eta historikoki ukatu zaizkienei aitortu eta bermatu egin behar dizkiegu”, adierazi dute antolakuntzatik herritar guztiek erabakitzeko duten eskubideari erreferentzia eginez.