Plastikoaren erabilera murrizteko kanpaina

Ubane Madera Zangitu 2021ko mai. 14a, 15:38
Jone Beristain poltsa, tupper, edalontzi eta lastotxo biodegradagarriekin, Kontzejupean.

Ostalaritzan eta merkataritzan erabiltzen diren plastikozko produktuak murrizteko eta erabiltzen direnak material jasangarriarekin egindakoak izan daitezen bultzatzeko kanpaina abiarazi du Soraluzeko Udalak. Besteak beste, poltsa, tupper, edalontzi eta lastotxo biodegradagarriak eman dizkiete ostalariei eta merkatariei.

Ostalaritzan eta merkataritzan kontsumitzen den plastiko kopurua murrizteko kanpaina abiarazi du Soraluzeko Udalak.

Kanpaina lantzen hasteko, lehenengo eta behin egoeraren diagnostikoa egin dute. Horretarako, Udaleko Ingurumen teknikari Jone Beristainek inkesta egin du, dendaz denda eta tabernaz taberna, “urtean zenbat plastiko gastatzen duten jakiteko”.

Honakoa izan da emaitza:

  • 554.010 tamaina ezberdineko plastikozko poltsa.
  • 22.005 ur botila handi eta txiki.
  • 15.000 tupper.
  • 6.620 edalontzi.
  • 2.700 lastotxo.

Material alternatiboa, doan

Soraluzeko Udalak, batetik plastikoaren gehiegizko erabilera hori murriztu egin nahi du eta bestetik, erabiltzen diren produktuak jasangarriak izan daitezen lortu nahi du.

Horretarako, material biodegradagarriekin egindako materiala emango die ostalariei eta merkatariei, oraingoen ordez erabiltzeko. Honakoa:

  • 150.000 tamaina ezberdineko poltsa.
  • 9.000 tupper.
  • 6.500 edalontzi.
  • 2.700 lastotxo.

“Poltsak dira konpostagarriak, tupperrak azukre kanaberaz egindakoak eta edalontziak eta lastotxoak arto almidoizkoak”, esplikatu du Beristain teknikariak. “Eta badaude beste poltsatxo batzuk txikiagoak, gominolendako-eta, paperezkoak, koipea pasatzen lagatzen ez dutenak. Izan ere, ez daude horren plastikozko poltsa konpostagarri txikiak”, esplikatu du Ingurumen teknikariak. 

Hark gaineratu duenez, edalontziak dagoeneko banatu dituzte tabernetan-eta. Poltsak eta gainerako materiala, berriz, datozen egunotan segituko dute banatzen.  

Tabernetan, ur-pitxarrak

Bestalde, plastikozko ur botilen erabilera gutxitzeko, ostalariei proposatu diete ura kristalezko pitxarretan ateratzea, bertan kontsumitzeko denean.

Beristainek esan duenez, ostalariek eta merkatariek begi onez hartu dute Udalaren ekimena.

Soraluzeko Udalak 11.500 euroko aurrekontua bideratuko du kanpaina horretara. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak eman du dirulaguntza.

Plastikoak gutxitzeaz gainera, Udalak erakutsi nahi du merkatuan badaudela plastikoa ordezkatzeko alternatiba biodegradagarri edo konpostagarriak.