Hondakinak artisau lan

Ubane Madera Zangitu 2021ko mai. 13a, 11:09
Edwin Geovanny berak egindako hainbat eskulanekin.

Edwin Geovanny (Ekuador, Canton Yaguachi kantoia, 1972) Soraluzen bizi da 2001etik. Birritan aukeratu du herri bera bizilekutzat. Lehenengo aldiz, Euskal Herrira etorri eta gutxira. Bigarren aldiz, orain gutxi. Sorterrira itzultzeko aukera izan zuen. Ekuadorren bizitzen geratzeko asmoarekin bueltatu zen. Baina hiru urteren ondoren, atzera ere Soraluzera etortzea erabaki zuen eta 2019an bueltatu zen. Dioenez, hemen, lana izateaz gain, lasaiago bizi da. “Hemen segituko dut”, esan du.

Azkenaldian, Geovannyk buru-belarri ekin dio artisautzari. Batik bat lanparak eta dekoraziorako produktuak sortzen ditu, artea, eskulana eta birziklapena uztartuta: “Marrazkilaritza ikasi nuen Ekuadorren eta eskulanak egitea dut pasio. Hemen ikusten nituen botata obretako hodiak, botilak… edukiontzietan kabitu ezinda. Etxera eramaten hasi nintzen. PVC zati haiekin lanparak egiten hasi nintzen. Pandemian, itxialdian, botilekin lanean ere hasi nintzen. Haiek margotzen, bizitza berria ematen. Eskulanak egiteaz gain, nahiko nuke jendea konturatzea material horrek guztiak oraindik balio duela, ez dela hondakina”. 

 

Denbora ugari eskulanei 

Ekuadortarrak, oraingoz, Facebook baliatuta merkaturatzen ditu berak egindako lanak. Soraluzen, Eibarren eta lankideen artean saldu ditu. “Guztiek animatzen naute horretan jarraitzera, baina ez dut asti askorik, beste lan bat dut eta”, dio. 

Eskulanak egiteko erabiltzen duen lantegia bisitatuz gero, ordea, segituan ikusten da ahalik eta denbora gehien eskaintzen diola artisautzari. Pareta marrazkiz beteta dauka eta mahaiak eta apalak, berriz, mota eta tamaina guztietako lanparez beteta. Margotutako botila biziak ere ikusten dira. Edozein motako enkarguak onartzen dituela dio: “Marrazkia, altura, kolorea… dena aukeratu daiteke. Normalean, lanparak 25-28 zentimetrokoak dira, egurrezko oinarriarekin eta pintura akrilikoarekin margotuta; 40 eurotik gora kobratzen dut. Benetan gustatuko litzaidake eskulanak egitetik bizitzea, marrazkilaritzatik…”

Gaineratu du pozik parte hartuko lukeela herrian egiten diren artisautza azokaren edo erakusketaren baten.

"Soraluzetik guztia dut gustuko" 

Bestalde, Soraluzera bueltatu izanari buruz galdetuta, herriari eta soraluzetarrei buruzko berba onak besterik ez ditu Edwin Geovannyk: “Soraluzetik guztia dut gustuko. Lehen egunetik ondo hartu ninduten. Euskadira iritsi nintzenean, aireportutik Gasteizera joan nintzen, anaiaren etxera. Han egon nintzen hasieran, baina egun batean hona etorri nintzen Carlos Maridueñarekin eta Pablo (Murgoitio) ezagutu genuen. Gaztelupera joan ginen. Hurrengo egunean oraindik berbetan geunden. Anaia eta biok hemen geratu ginen eta lana aurkitu genuen, obra batean. Jendea ezagutzen joan ginen. Kooperatibakoek, Caritasekoek… lagundu ziguten eta apurka-apurka familia ekarri nuen, paperak lortu nituen eta lantegi batean lana aurkitu nuen. Sei anai-arreba gara. Lau etorri ginen. Besteak joan egin ziren gero. Nik, berriz, hemen etxea dut, lasaiago bizi naiz, lana daukat, gustuko dudana egiten dut arriskurik gabe… Hemen segituko dut”. 

Enkarguetarako: 631 35 67 00.