“Pentsioen sistema publikoa jasangarria da”

Ubane Madera Zangitu 2021ko mai. 11a, 16:09
Pentsioen aldeko atzoko elkarretaratzea.

Gaur egun, “pentsioen sistema publikoa jasangarria” dela jakinekoa da eta baita ere “kotizazioak direla sistema publikoaren finantzaketa-iturri nagusia”. Hala azpimarratu zuen atzo pentsiodunen mugimenduak, asteroko elkarretaratzean. Gaineratu zuten  “urteetan iruzur egin” dutela “pribatizazioa justifikatzeko eta pentsioak okerragotzeko”. 

Hiru eskaera nagusi berretsi zituzten atzoko elkarretaratzean: 

  • Gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea.
  • Genero-arrakalarekin bukatzea.
  • Erretiroa hartzeko adina aurreratzea, gazteen langabezia larria murrizteko.

Hori lortzeko, 2010eko eta 2011ko lan-erreformak indargabetu beharra dagoela uste dute, “kotizazioak handitzeko kalitatezko enpleguak eta eskubideak behar direlako”. 

Egoera prekarizatu

Salatu zuten bi erreforma horiek “negoziazio kolektiboa ahuldu” egin dutela, “lan-prekarietatea areagotu, eta soldatak kolpatu, 2008 eta 2019 artean izoztuta egon baitira, Estatistikako Institutu Nazionalaren (INE) arabera”. 

Salatu zuten patronalak “iruzur” egiten diola gizarte segurantzari, besteak beste, kotizatzen ez diren aparteko milioika orduen kontrolik ezarekin” eta salatu zuten, baita ere, “ia ordaintzen ez den sozietateen gaineko zergak edo bankari lapurrak erreskatatzeko diru publikoa erabiltzeak, gutxiengo baten pribilegioei eusten diela, gehiengo sozialaren kontura”. 

Idatziz agindutakoa betetzeko

“Pentsioei eta 2012ko lan-erreformari dagokienez, gobernuak bere gobernu-programa bete dezala eskatzen dugu, erreforma laborala derogatzeko konpromisoa publikoki eta idatziz hartu zuen-eta”, esan zuten.

Besteak beste, gaur egungo egoerari buruzko datu batzuk ere eman zituzten:  

  • 100 pertsonatik 13 pobrezia egoeran bizi dira.
  • Biztanleen ia erdiek onartzen dute zailtasunak dituztela hilaren amaierara iristeko
  • Ehun pertsonak bakarrik metatzen dute aberastasunaren %11, horietatik bostek erdia.