Landa garapeneko proiektuetarako laguntzak

Ubane Madera Zangitu 2021ko mai. 11a, 11:26

Gipuzkoako Foru Aldundiak 950.000 euro bideratuko ditu landa garapeneko proiektuak bultzatzeko. Dirulaguntzak eska ditzakete Gipuzkoako Udalek, tokian tokiko erakunde txikiek, landa garapeneko elkarteek zein nekazaritza elkarteek eta kooperatibek. 

Xehetasunetan sartuta, laguntza ekonomikoa emango dute lehen sektorearen sustapenarekin lotutako honako jarduerak gauzatzeko: kalitatezko nekazaritza produktuak merkaturatzea, tokiko merkatuak eta banaketa-zirkuitu laburrak sustatuz eta lan horiek erraztuko dituzten azpiegituretarako inbertsioak eginez; makinak eta ibilgailuak erostea, komunitateek eskatutako zerbitzuak emateko eta baserritarren bizi-kalitatea hobetzeko; nekazaritza zerbitzuak modernizatzea eta digitalizatzea, landa eremuaren eta hiri eremuaren arteko arrakala digitala murrizteko, energia eraginkortasuna hobetzea ere kontuan hartuta; eta nekazaritza produktu berriak eraldatzeko, merkaturatzeko edo garatzeko inbertsio proiektu berritzaileak egitea.  

Ostatuak, enplegua sortzeko jarduerak…      

Era berean, diruz lagunduko dira beste honako jarduera hauek: landa eremuetan kokatutako ostatuak, gizarte- eta kultura-zerbitzuak zaharberritzeko eta ekipatzeko inbertsioak; landa eremuan enplegua sortzeko eta ekonomia suspertzeko jarduerak eta proiektuak; eta elektrifikazioa, zehazki, transformazio zentroak eta behe tentsioko lineak hobetzea eta egokitzea, bai eta lurzoru urbanizaezineko nekazaritza ustiategietarako eta etxebizitzetarako eta landa-guneetarako energia hornidurako lineak ere.

Laguntzak online eska daitezke, honako helbidean: https://egoitza.gipuzkoa.eus. Informazio gehiago eskuratzeko, berriz, honako helbidera jo daiteke: https://egoitza.gipuzkoa.eus/gao-bog/castell/bog/2021/05/03/c2102873.pdf. 

Lurralde oreka

Gipuzkoako Foru Aldunditik diotenez, lurralde oreka bultzatu nahi dute laguntzen bitartez. "Lurralde oreka da zaindu nahi dugun aktiboetako bat, egiten ari garen apustuaren barruan, hau da, Gipuzkoa izatea Europan desberdintasun gutxien duen lurraldea, maila guztietan: ekonomian, gizartean, hizkuntzan, generoan…  Horrek esan nahi du laguntza eman behar zaiela euren proiektuak gauzatzeko baliabide ekonomiko eta kudeaketa-baliabide gutxien dituzten udalei eta eragileei”, adierazi du Jabier Larrañagak, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Diputatuak.