Ipuin kontalaria, gaur

Ubane Madera Zangitu 2021ko mai. 11a, 09:34
Ixabel Agirresarobe ipuina kontatzen.

Literatur loreak kultura zikloaren baitan, gaur Ixabel Agirresarobe ipuin kontalariak Maria gonagorri eta Serafina mokofina ipuina kontatuko die 4 urtetik gorako haur eta gurasoei. 17:00etan da hitzordua, Herri Antzokian. Sarrera doan da.

Ipuinak kontatzen eskarmentu luzea du Ixabel Agirresarobe Arzallus usurbildarrak. 1991tik dihardu ipuin kontalari, bakarka eta umeendako, batez ere. 

Kontaketa biziak

Honelaxe aurkezten du bere burua: “Zuzeneko kontaketa biziak ditut. Publikoa kontutan hartzen dut eta neronek bilatzen dut hauen parte hartzea. Ahozko tradiziotik jasotako ipuinak ditut gustukoen eta saioak hitz joko eta asmakizunekin osatzen dut”.

Gaur kontatuko duen ipuinari dagokionez, berriz, bi emakume ditu protagonista. Astean behin elkartzen dira. Neska txikiak zirenean kontatzen zizkieten ipuinak gogoratzen dituzte. Eta noski, istorio berriak ere ekartzen dituzte. Gehienetan barregarriak.

Betalde, aktore moduan, Ixabel Agirresarobek, berriz, besteak beste, Kutsidazu bidea, Ixabel antzezlanean parte hartu izan du.