Presoei legedi arrunta ezartzeko eskatu dute Karakatetik ere

Egoitz Unamuno 2021ko mai. 8a, 16:34

Ehun herritar inguru batu dira gaur goizean Karakaten, Sare Herritarrak eta Bake Bideak deituta, presoen eskubideen aldarria Euskal Herriko 650 tontorretara eroateko burutu den ekimenarekin bat eginez. Elkarbizitzarako bidean presoak etxera lemapean, preso, iheslari eta deportatuen giza-eskubideak betetzearen aldeko mezua zabaldu dute.   

Sarek emandako datuen arabera, gaur, 650 tontor ekimenean, 300 herrik hartu dute parte eta milaka herritarrek eskatu dute euskal presoei legedi arrunta ezartzea, Euskal Herriko gartzeletara ekartzea, larriki gaixo diren presoek, zigorraren 3/4 beteta dutenak etxean izatea eta graduen progresioaren bitartez, presoek dagokien gizarteratze prozesua osatzeko aukera ematea.

Iraultz Arluziaga Soraluzeko Sareko bozeramaileak eskerrak eman dizkie Karakatera hurreratu diren herritarrei eta etorkizunean ere Sarek deitutako mobilizazioetan parte hartzen jarraitzeko deia egin die. "Guk nahi baino motelago bada ere, ikusten da azkenaldian presoen auzian poliki-poliki pausoak ematen ari direla. Guk elkarbizitzaren bidean aurrera egiten jarraitu behar dugu, preso, iheslari eta deportatu guztiak etxera ekarri arte".  

'Izan bidea' aplikazioaren kontagailua

Iaz, Sare Herritarrak Izan bidea ekimena jarri zuen martxan eta 3.127.326 Km egiteko erronka bota zion bere buruari. "Euskal Herriak duen biztanle-kopurua. Hiru milioi kilometro egiten hasiko den hiru milioi biztanleko herri bat, xede bakarrarekin: bidea egitea; etxerako bidea, elkarbizitzarako bidea, bakerako bidea". Kilometro horiek kontabilizatzeko Izan bidea aplikazioa jarri zuen martxan eta gaur Sarek dei egin die ekimenarekin bat egin duten herritarrei, "aplikazioa aktibatu eta egindako kilometroak kontabilizatzeko, automatikoki edo eskuz".