Honakoak izango dira domekatik aurrera indarrean izango diren neurri nagusiak:
Tabernei eta jatetxeei dagokienez, 22:00ak arte egon ahal izango dira zabalik. Barruko edukiera, gehienez jota, %50ekoa izan ahalko da. Horrez gainera, debekatuta segituko du barran edo zutik kontsumitzeak. Ostalaritzako mahai batean, asko jota, lau laguneko taldeak eseri ahalko dira elkarrekin. Eta nahitaezkoa izango da maskara jantzita erabiltzea kontsumizioa egiterako unean izan ezik.
Merkataritza jardueretan, berriz, 150 metro koadrora artekoetan, gehienezko edukiera izango da %60; 150 metro koadro baino gehiagokoetan, %40 eta azoka txikietan, baimendutako postuen %50.
Txokoek edo elkarte gastronomikoek itxita segituko dute. Baita gazte lokalek zein gaueko aisialdirako establezimenduek eta lokalek ere.
Kirol instalazioen gehienezko edukiera izango da %50; aldageletan %35. Eta ezin izango da ikuslerik bertaratu.
Kirola egiteko, berriz, aire zabalean zein barnealdean, asko jota 6 laguneko taldea elkartu ahal izango da. Eskola-kirolari dagozkion entrenamenduetan ezin izango dira aldagelak erabili. Maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da barruko kirol jardueretan (lehiaketan izan ezik); ez, ordea, txapelketetan zein kanpoan egiten diren jarduera fisiko bizietan.
Gainerakoan, bilkurak egiteko ez da jende kopuru mugarik izango, baina Jaurlaritzak gomendatu du saihestea 4 pertsona baino gehiagoren bilkurak. Era berean, etxeratze agindurik egon ez arren,
gomendioa da 23:00etatik 06:00ak arteko mugikortasuna “automugatzea”.