Koronabirusa

Etxeratze agindua eta itxiera perimetralak bertan behera

Ubane Madera Zangitu 2021ko mai. 7a, 15:01

EAEko Auzitegi Nagusiak erabaki du Eusko Jaurlaritzak ez daukala eskumenik herritarren mugikortasuna baldintzatzeko. Hori horrela, domekatik aurrera, indargabetuta geratuko dira etxeratze agindua, herrietako zein Euskal Autonomia Erkidegoko itxiera perimetralak eta bilkurak lau lagunetara mugatzeko agindua.  

Zapatuko 00:00etan bertan behera geratuko da Espainiako Gobernuak iazko urrian ezarri zuen alarma egoera. Ordutik aurrera, indargabetu egingo dira herritarren mugikortasuna mugatzen duten honako neurriak: etxeratze agindua, itxiera perimetralak eta bilkuretako partaide muga. 

Eusko Jaurlaritzak eutsi egin nahi zien neurri horiei eta halaxe zuen jasota domekatik aurrera ezarri nahi duen dekretuan, baina Auzitegi Nagusiak erabaki du Jaurlaritzak ez duela eskumenik herritarren mugikortasuna mugatzeko.

Hori horrela, gaur 16:30ean elkartuko da LABIren Aholku Batzordea, auzitegiaren erabaki horren arabera dekretua egokitzeko. Lehendakariak berak jakinarazi zuen ez dutela Auzitegi Nagusiaren erabakiaren kontrako errekurtsorik jarriko, beraz, neurriok onartu eta horren araberako dekretua landuko dute.

Datozen orduotan ezagutaraziko du Jaurlaritzak dekretu hori, domekan bertan indarrean egotea nahi dute-eta.