Laneratzen eta gizarteratzen laguntzeko zerbitzu berria

Ubane Madera Zangitu 2021ko mai. 7a, 09:59

Hainbat ikasle Soraluzeko HHI zentroan.

Gizarteratzeko edo laneratzeko beharra duten soraluzetarrendako zerbitzu berria abiarazi dute Helduen Heziketa Iraunkorreko (EPA) lokaletan. Formakuntza, aholkularitza, inguruko baliabideen ezagutza… eskainiko diete bertaratzen direnei, baita ere, online “bizitzarako” laguntzak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Soraluzeko Udalaren eta ZabaltzenSartuKoop erakundearen laguntzarekin abiaraziko du proiektu berria. Interesa edo beharra duen edozein soraluzetar bertaratu ahal izango da eta honako zerbitzuak eskuratu: 

  • Gizarteratzeko eta laneratzeko laguntza: tokian tokiko baliabide ekonomikoak, etxebizitzarekin lotutakoak, osasunarekin lotutakoak, lanarekin lotutakoak… eskuratu ahal izateko formakuntza eta aholkularitza eskainiko dute.
  • Online bizitzarako laguntza: laguntza digitala emanez, eguneroko arazo espezifikoak konpontzeko, izapideak kudeatzeko, baliabideak ezagutzeko eta abarretarako tresnak eskuratzen laguntzeko. 

Zerbitzu hori HHIren (EPA) lokalean eskainiko dute, Baltegieta kaleko 18. zenbakian, astelehenetan eta asteazkenetan, 08: 30etik 13: 30era. Harremanetarako telefonoa (ordutegi berean) 618 77 70 70 da eta helbide elektronikoa yolandaur@zabaltzen.sartu.org. 

"Egorea larriagotu"

Patricia Borinaga Osasun, Gizarte Ongizate eta Udal Immigrazio arloko arduradunak azaldu duenez, “pandemiak agerian” utzi du “pertsona ahulenak izan direla osasun-, ekonomia-, lan- eta gizarte-krisi hori gehien pairatu dutenak. "Haien egoera, gainera, larriagotu egin da, besteak beste, mugikortasun-murrizketek, baliabideen itxierak eta/edo zerbitzu publiko eta pribatu askok egunerokotzat ezarri duten online arreta” dela-eta. Horregatik eskainiko dute orain zerbitzu berria. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.