Itxaropena elkarteko estetizista zerbitzua bertan behera

Ubane Madera Zangitu 2021ko mai. 6a, 12:01

Itxaropena Nagusien Elkartetik jakinarazi dutenez, bertan behera laga dute, behin-behinerako, Itxaropena elkartean eskaintzen zuten estetizista zerbitzua. Edozein modutan, elkarteko zuzendaritzaren asmoa da ahalik eta lasterren abiaraztea zerbitzua. Bestalde, bertako taberna ahalik eta lasterren zabaltzea ere nahiko lukete.

Une honetan, ile-apaintzaile eta podologia zerbitzuak eskaintzen dituzte Itxaropena elkartean. Lehenengo kasuan, orain arte moduan segitzen du. Podologoaren kasuan, berriz, zerbitzu horretan ere izan dituzte aldaketak. 

Orain, Bilbon bizi den Verónica Delgadok eskaintzen du zerbitzua. Hilean behin etortzen da, martitzenetan, honako ordutegian: 10:00etatik 13:00etara eta 14:00etatik bukatu arte. Maiatzean, hilaren 25ean bertaratuko da. 

Estetizista zerbitzuari dagokionez, berriz, aste honetan iragarri dute eten egingo dutela elkartean eskaintzen zuten zerbitzua baina etxez etxeko zerbitzua eskaintzen segituko duela Saadiak. Honako telefono zenbakian har daiteke txanda: 688613171.

Txangoetan pentsatzen

Bestelakoen artean, Itxaropena Nagusien Elkarteko zuzendaritzatik esan dutenez, bertako taberna “ahalik eta lasterren “nahiko lukete zabaltzea. Eta bestelako jarduerei buruz galdetuta, berriz, uste dute datozen egunotan argituko dela zein izango den egoera eta horren arabera antolatu ahalko dituztela ekimenak. “Ya txangoetan pentsatzen ari dira, ahalko balitz, irailean egiten hasteko”, esan du Nikolas Morillo zuzendaritzako kideak.