Musika eskola bertatik bertara ezagutzeko aukera

Ubane Madera Zangitu 2021ko mai. 10a, 09:01

Maiatzaren 22an, Soraluzeko Musika Eskolak ate irekiak egingo ditu. Aurten, pandemiara egokituta egingo dute jardunaldi hori. Adibidez, eskola guneka erakutsiko diete bisitariei, pilatzerik sor ez dadin. Halaber, besteak beste, aldez aurretik izena eman beharko da (barruan). 

Erakusten dituzten instrumentuak zein musika-ikasketak batuta, gaur gaurkoz, 24 ikasgai eskaintzen ditu Soraluzeko Musika Eskolak. Maiatzaren 22an, zapatua, ateak zabal-zabalik izango ditu ikastetxeak, eskaintza hori guztia bertatik bertara ezagutu nahi duten herritarrendako.

Nagore Sanzek, musika eskolako zuzendariak emandako xehetasunen arabera, iaz ezin izan zuten ate irekien jardunaldirik egin, pandemiarengatik. Baina aurten, beharrezko egokitzapenak egin eta eskolako ateak zabalik izango dituzte maiatzaren 22an, 10:30etik 13:00ak bitartean.

Instrumentuen saioak

Egokitzapenen artean, tour moduko bat antolatuko dute, bisitarien segurtasuna bermatzeko. Talde txikietan antolatuta, eskolako guneak ikustera eramango dituzte, gune bakoitzean erakusten denaren erakustalditxoa eginez. 

Hain zuzen, honako instrumentuen saiotxoak erakutsiko dituzte: klarinetea, saxofoia, pianoa, gitarra, gitarra elektrikoa, trikitixa, panderoa, zeharkako txirula, biolontxeloa, soinua, baxua, perkusioa eta txistua, instrumentu bakoitzaren irakaslearen eskutik.   

Hori antolatu ahal izateko, beharrezkoa izango da ate irekietarako izena ematea aldez aurretik. Maiatzaren 20a baino lehen egin behar da hori. Izena eman daiteke HEMEN klikatuta.