literatur loreak

Amorantek kontzertua eskainiko du zapatuan

Egoitz Unamuno 2021ko mai. 5a, 12:18
Iban Urizar 'Amorante'. / Argazkia: Juxe Areta Goñi.

Zapatuan, Iban Urizar Amorante musikari elgoibartarrak kontzertua eskainiko du antzokian, maiatzeko Literatur loreak zikloaren barruan. Emanaldian, iaz kaleratu zuen Bat edo Hiru diskoko kantuak eskainiko ditu.

Pianoa, gitarra, tronpeta, sintetizadorea, organo elektrikoa, harmoniuma eta kanpaia hartuta etorriko da zapatuan Iban Urizar Amorante Soraluzera. Kontzertua arratsaldeko 19:00etan hasiko da eta sarrerak Iratxon eskura litezke, 5 euroko prezioan. Bestalde, Plaentxia.eus-ek emanaldirako hiru sarrera bikoitz zozkatuko ditu (HEMEN).   

“Udazken-negurako” diskoa

“Diskoa iluna irten da” adierazi zuen Amorante-k iazko urrian, Bat edo hiru diskoa argitaratu berritan, Elgoibarko Barren komunikabideari eskaini zion elkarrizketan. Aitaren (Jesus Urizar soraluzetarraren) eta osabaren heriotzak ere aipatu zituen. “Diskoa abenduan grabatu nuen, pandemia hona iritsi aurretik, baina bai, diskoa iluna irten da, pandemiaren gogorrenean sortu izan bagenu bezala. Hasi ginenean, urtebete zen aita hil zitzaigula, osaba Jose Mariren [Ondarza] heriotza ere oso presente neukan artean eta dolu-prozesu guzti horri aurre egin behar izan nion, seme-alabak heriotza ondo ulertzeko umeegiak diren garai batean. Baina irakurketa hori orain egin dut, diskoa grabatu ondorenean. Ez da kontzienteki egin dudan zerbait izan. Bai, udazken-negurako diskoa irten zaigu, eta gustura gaude emaitzarekin”.

Bat edo Hiru diskoa pandemiaren aurretik hasi zen sortzen Amorante eta hasiera batean asmo hori ez bazuen ere, diskoko zazpi kantuak heriotzaren gaiari josita ekarri ditu diskora, batzuetan gertakarien ondorio gisa, bestetzuetan dramaren eragile edota eskenatokiko teloia bailitzan.  

Bilintx, Laboa…

Diskoak jaso dituen zazpi kantuen artean Laboaren Ama hil zaigu eta Bilintxen Behin batian Loiolan kantu ezagunen moldaketa bereziak daude. Hain zuzen, Andoni Tolosa musikariak aipatu zuen Behin batian kantua Badok.eus-en diskoaz argitaratu zuen kritikan: “ ‘Behin batian’ kantuan, Bilintxen klasikoa bortxaketa saiakera baten kronika bihurtzen duenean. Narratzaile bikaina da musikaria, gehiegikeriarik gabe, zuzen eta zorrotz osatzen baitu kontakizuna, bai musikalki eta baita hitzei dagokienez ere. Maisua da Amorante dramatismoa kudeatzen; entzuleari uzten dio istorioa eraikitzen. Zer esanik ez, neskato baten salmentaren berri ematen duen “Juliana” kantuan. Gordin kantatzen du, edo kontatzen, gitarra soil baten laguntzaz eta berriro ere XIX. mendeko Donostiaren erreferentziekin, nahiz eta hitzak Uxue Alberdirenak izan.

 

Erlazionatuak