“Bidaiak hasten dira liburu bat zabaltzen duzunean”

Ubane Madera Zangitu 2021ko mai. 5a, 16:06
Jose Ramon Piñeiro, idatzitako bi liburuekin. Argazkia: Fernan Oregi.

Jose Ramon Piñeirok (Mutriku, 1974) pasioz berba egiten du argitaratu berri dituen bi liburuez. 2020ko abenduan argitaratu zuen La sed de almas de Belial nobela eta 2021 hasieran, berriz, La ira de Amodeo. Baina harrigarriena da beste bost liburu idazteko asmoa duela.

Beste bost liburu?

Bai. Dagoeneko nire buruan daude guztiak. Zazpi liburuko saga bat da. Protagonista berekin: Rix eta Aitor eta haien bikote Nora eta Amaia. 

Lehen biak bizkor asko idatzi dituzu.

Bai. Lehena idazteko sei hilabete eman nituen. Nobelak izandako harreraren ondoren, berehala hasi nintzen bigarrenarekin. Ezin nion idazteari utzi, bestela ihes egingo zidan buruan nuen istorioak. Ahal nuen guztietan, egunean 10 ordu ematen nituen idazten. Gainera, lehen liburuaren ondorengo iritziak, feedbacka aintzat hartuta dago idatzita bigarrena; adibidez, hasieratik du erritmo bizi-bizia. 
Idazteko etorri hori, baina, ezin da berria izan… Beti gustatu izan zait. Institutuan hasi nintzen errelato motzekin. Batekin saria ere eskuratu nuen. Gero, laga egin nion. Baina azkenaldian, liburu bat idazteko gogo handia nuen. Istorioaren hasiera eta bukaera buruan nituen, txispa falta zitzaidan 

Zuhaitz batek lagundu ei zizun…

Bai, Mutrikun dago, pinuz inguratutako pagoa. Berezia. Udan, familia hondartzan laga eta Olatz bailaratik Kalbarixoraino ibilaldia egin nuen. Bat-batean ikusi nuen zuhaitz berezi hori. Falta zitzaidan txispa etorri zitzaidan burura. Orduantxe hasi nintzen idazten. 

Ez dituzu etiketak gustuko, baina zelako liburuak dira?

Fikzio historikokoak. Biak hasi eta bukatzen dira Historian benetan izandako gertakariekin eta liburuetan gertakari erreal gehiago ere kontatzen dira, tartekatuta. Lehen nobela Juan Diaz Garaio Sakamantekas hiltzaile ezagunaren bueltan dago idatzita (1870-1876). Bigarrena, berriz, 1959ko gertakari baten bueltan, Ural Mendietan izandakoa, Diatlov pasabideko gertakaria du izena. Bederatzi ikasle modu misteriotsuan hilda azaldu ziren.  

Errealitatearekin lotura gehiago bada?

Bai. Niri istorioak ikustea gustatzen zait, irakurtzen dudanean moduan. Pertsonaiak dira Aitor Mutrikuko lagun bat eta Amaia haren bikotea eta Rix ni neu eta Nora nire emazte Zaloa. Gertakariak, berriz, Mutrikuko parajeetan, Trasmuzen… benetako lekuetan kokatzen ditut. 

Zazpi liburu idazteko asmoa izanda, idazle izatetik bizi nahiko zenuke?

Idatzitakotik dirua etorriko balitz pozik onartuko nuke, noski. Baina ez da nire asmoa hortik bizitzea. Nire liburuetan esaldi bat dago: Bidaiak hasten dira liburu bat zabaltzen duzunean. Niri hori gertatzen zait irakurtzean, bidaiatu egiten dut, primeran pasatzen dut. Idazten berdina gertatzen zait. Lana baino, niretzat plazera da idaztea. Primeran pasatu dut liburuak idazten, asko dibertitu naiz eta nahiko nuke jendeak liburuok irakurtzea, eurek ere primeran pasatzeko.  

Non eskura daitezke?

Amazonen. Autoedizioak dira eta oraingoz, horrela moldatu naiz. 12 euro balio dute paperean, digitalean, berriz, 5 euro.

Ari dira saltzen?

Bai. Gainera, bigarren nobela literatura lehiaketa batera aurkeztu du Amazonek berak, Domingo Santos Lehiaketara. 

Wikipedian aipamena egiten dizute…

Bai, harrituta nago horrekin. Lagun batek abisatu zidan. Sakamantekasen sarreran aipatzen dute nire liburua. Hori izan zen… ufa, ufa!

Idazteaz gainera, beste zaletasun handi bat ere baduzu, ezta?

Grafismo edo animazio digitala, bai. Bi bideojokoren sormenean parte hartu dut. Rail Simulatorren eta Futbol Managerren. Animazioan gauza gehiago ere egin ditut. Bestalde, bideo-jokoak erakustea gustuko dut. Youtuben kanal bat dut horretarako. Idazten hasi nintzenean etena egin nuen, bi gauzak egiteko denborarik ez nuen-eta. Orain, berriz, podcast batzuk egiteko proiektua lantzen nabil, lagun batzuekin, informatikari, bideo-jokoei, mikroprozesadoreei… buruz. Gauza oso desberdinak egitea dut gustuko. Liburuekin rol joko bat sortzeko asmoa ere banuen, baina oraingoz asmoa da hori.