Hiri hondakinen zerbitzuko gaueko arduraduna kontratatzeko bigarren deialdia

Ubane Madera Zangitu 2021ko mai. 4a, 11:16

Maiatzaren 12ra arte aurkez daitezke eskaerak hiri hondakin zerbitzuko gaueko arduradun lanpostura aurkezteko. Oposizio bidez aukeratuko dute arduraduna. Txandako lan-kontratu mugagabea eskaintzen du kontratatzaile den Badesak. Lanpostu hori betetzeko egiten duten bigarren deialdia da. 

Lanposturako bigarren deialdia izan arren, lehen deialdira aurkeztu ziren hautagaiak ere sartu ditu prozesu honetan Badesak. Emandako xehetasunen arabera, langilea kontratatzeko oinarriak aldatu egin dira apur bat eta horrexegatik egin dute bigarren deialdi hau.

Edozelan ere, GAOn, Gipuzkoako Buletinean argitaratutako iragarkiaren arabera, eskaintzen den lanpostua gauez lan egiteko da. Hala ere, langileak dedikazio osagarria jasotzen duenez, eguneko orduetan lanera joateko prest egon beharko du, gaueko zerbitzuekin koordinatzeko.

Ikasketak

Ikasketa mailari dagokionez, berriz, batxiler titulua edo baliokidea izan beharra dago lanpostura aurkezteko. Atzerriko titulazioen kasuan, haien homologazioa. Horrekin batera, besteak beste, eskatzen dute, gutxienez, bi urteko esperientzia izatea arduradun lanpostuetan.

Profila

Lanpostuaren profila, berriz, honakoa da:

  • Kudeaketa publikora bideratutako eta antzeko tamaina duten enpresa edo erakundeetan, giza taldeen zuzendaritzan ezagutza eta esperientzia dituen profesionala.
  • Jarrera proaktiboa eta lidergo gaitasuna.
  • Arduraldi eta erantzukizun bereziak, Herri Administrazioen zerbitzura dagoen langileriaren bateraezintasunen erregimena betez.

Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, Badesako presidenteak onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda onartuko du.

Webgunean argitaratuko da zerrenda, eta Badesako iragarki oholean erakusgai jarriko da; ondoren, hiru egun balioduneko epea emango da erreklamazioak aurkezteko edo baztertzea eragin duten akatsak edo hutsegiteak zuzentzeko. 

Eskaera inprimakia HEMEN klikatuta deskarga daiteke, baita informazio gehiago eskuratu ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.