Pentsioen aldeko "mobilizazio handia" izango da maiatzaren amaieran

Ubane Madera Zangitu 2021ko mai. 4a, 09:15

Gaur, Pentsiodunen Mugimenduak salatu du bai Espainiako gobernuaren eta baita Eusko Jaurlaritzaren erabakiengatik, pentsioetan atzerapauso nabarmena izango dela, “hiru urteko mobilizazioen ostean, lortutako konkistak arriskuan” ikusten baitizute. Horren aurrean, "mobilizazio handia" iragarri dute maiatzaren 29rako.

Horrekin batera, uste dute ez dela “urrats sendorik  ematen pentsio publiko, duin, bidezko eta nahikoak bermatzeko”. 

Salatu dute Espainiako Gobernuko Gizarte Segurantzako Escrivá ministroak oraindik ez duela erantzunik eman eman finantza kostuen gaiari zein kotizazio luzeko erretiro aurreratuei aplikatzen zaien koefiziente murriztaileei buruzko planteamenduei. "Escrivá jaunari ez-betetze horri buruz galdetzen zaionean, zilegi iruditzen zaio esatea gai hori ez dagoela berlehentasunen artean, eta 2022ra arte atzeratu du eztabaida", diote pentsiodunen mugimendukoek.

Escrivá jaunak pentsiodunen kolektiboarekin duen jarduteko moduak eta Jaurlaritzak hori ontzat emateak erakusten du "pentsiodunak gutxietsi" egiten dituztela.

"Mobilizazio irekia"

Pentsiodunen mugimenduak gogora ekarri du "Historian zehar, lorpenak eta konkistak mobilizazioaren bidez lortu ditugu" eta azpimarratu dute hori dela "bidea". Ildo horretan, "mobilizazio handia" iragarri dute maiatzaren 29rako: "Mobilizazioa irekia izango da eta langileek, gazteek eta eragile sozialek eta sindikalek ere parte hartu ahal izango dute eurek dituzten urgentzia eta aldarrikapenak defenditzeko".

Bi helburu izango ditu mobilizazioak: "Erakundeei, estatukoei zein autonomikoei, gure aldarrikapenak bermatzea eskatzea, eta indarrean dauden murrizketak eta inposatu nahi direnak bertan berehala erretiratzea".

Atzo, Soraluzeko elkarretaratzean 45 bat herritarrek parte hartu zuen.