0 KM KOMERTZIOAK

Ticket Bai sistemarekin arduratuta

Ubane Madera Zangitu 2021ko api. 30a, 17:56

Merkatariak Ukabiko adituaren azalpenak entzuten, Herriko Antzokian, eguaztenean.

Herenegun, herriko ia merkatari guztiak Herri Antzokian elkartu ziren, Ticket Bai fakturazio sistemari buruzko azalpenak entzuteko. Antolatzaileek bigarren hitzaldi bat iragarri dute, kasu honetan, ostalariei zuzenduta. Izan ere, 2022an, jarduera ekonomikoren bat duen edozeinek erabili beharko du Ticket Bai sistema, derrigor.

Bizkaian urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean. Gipuzkoan, berriz, komertzioak eta ostalariak maiatzerako egokitu beharko dira. Bestelako negozio batzuk, berriz, aholkulariak kasu, urtarrilean bertan. 

Kontua da, goizago ala beranduago, baina 2022an Ticket Bai fakturazio sistema indarrean sartuko dela eta jarduera ekonomikoa duen edozeinendako izango dela derrigorrezkoa. 

"Traumatikoa"

Eguaztenean, Amaia Heras soraluzetar aholkulariak eta Ukabi enpresako aditu batek sistema berri horri buruzko azalpenak eman zizkieten Bizikaleko merkatariei. Adibidez, esplikatu zieten Ticket Bai erabiltzeko inbertsioren bat egin beharko dutela. Besteak beste, elikagaiak pisatzeko balantza bera egokitu egin beharko dute. Eta eguneroko lana aldatu egingo dela, ohitu arte. “Traumatikoa izango da denontzat”, dio Herasek.

Herasek jakinarazi du bigarren hitzaldi bat eskainiko dutela Soraluzen, ostalariei zuzenduta. 

Une honetan, Ticket Bai fakturazio sistema berriaren egokitzapen boluntarioa abiarazi dute. Urriaren 31ra arte izango da boluntarioki sartzeko aukera. “Hor sartzen direnek hobari fiskalak izango dituzte”, esplikatu du Herasek.