Ekintzaileei zuzendutako dirulaguntzak eta formazio saioak, Debegesaren eskutik

Ubane Madera Zangitu 2021ko api. 30a, 10:30

Maiatzaren 14ra arte egongo da zabalik ekintzaileei zuzendutako dirulaguntzak eskatzeko epea. Lanbidek, guztira, 63.000 euro bideratuko ditu 45 diru-laguntzatan banatuta. Bestalde, maiatzean, negozio ideiak garatzeko prozesuan kontuan hartu beharreko edukien gaineko lau formazio saio antolatu ditu Debegesak. 

Ekintzaileei zuzendutako dirulaguntzei dagokienez, horietako 25 enpresa ideia bat garatu nahi duten ekintzaileentzat izango dira. Beste 20, berriz, ekintzaileek enpresa-proiektu berriak abian jartzeko bideratuko dira. Hori bai, langabezian egotea ezinbesteko baldintza izango da laguntza eskuratzeko.

1.000 eta 1.500 euroko laguntzak

Dirulaguntzen zenbatekoei dagokienez, berriz, negozio ideia lantzeko laguntza, gehienez jota 1.000 eurokoa izango da sustatzaile bakoitzeko. Enpresa-proiektu berriak martxan jartzeko laguntza, berriz, gehienez jota 1.500 eurokoa izango da. Zenbateko horiek % 15 handituko dira baldin eta sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30 urtetik beherakoa bada (eskaera aurkezten duen unean), eta beste % 15 emakumezkoa bada.

Laguntza eskaerak Debegesak Eibarren duen bulegoan aurkeztu beharko dira edo bestela telematikoki, honako helbidean: ekintzaile@debegesa.eus. Bete beharreko eskabide-orria HEMEN eskura daiteke. Argibide gehiago jasotzeko: 943 82 01 10.

Formazio saioak

Debegesak maiatzean eskainiko duen formazio saioari dagokionez, berriz, doako eskaintza da eta Internet bidez eskainiko dute formazioa gai bakoitzeko adituek. Parte hartzeko izena eman beharra dago.

Maiatzaren 6an, 14an, 21ean eta 28an izango dira Debegesaren formazio saioak. Guztiek ordubete iraungo dute, 09:00etatik 10:00ak arte. Honako gaiak landuko dituzte:

Maiatzaren 6an: Zure negozioa sortzeko estrategiaren garrantzia.

Iñaki Lasa Arratibelen eskutik (Iestart-eko zuzendaria, IeTeam-eko ekintzailetza eta berrikuntza arloan) 

Maiatzaren 14an: Nola saldu zure negozio ideia.

Ione Feijooren eskutik (Nazioarteko merkatuetan markak sortzeko eta finkatzeko aholkularia Bostnanen)

Maiatzaren 21ean: Nola finantzatu zure negozioa.

Naiara Lopezen eskutik (Analista finantzarioa Elkargi SGRn)

Maiatzaren 28an: Forma juridikoa eta betebehar fiskalak.

Juan Bidegainen eskutik (Aholkulari Fiskala eta kontablea Torrealday Aholkularitzan) 

Izena emateko edo informazio gehiago eskuratzeko, HEMEN klikatu