Urte hasieran, paper eta kartoi gehiago birziklatu dute industrialdeetan

Ubane Madera Zangitu 2021ko api. 30a, 09:19

Debabarreneko Mankomunitateak helarazitako azken datuen arabera, “gorakada nabarmena atzeman” da industrialdeetan sortzen den paperaren eta kartoiaren gaikako bilketan. 2019an, batez beste, hilero 33.695 kilo bati ziren; aurtengo lehen hiru hilekoan, berriz, batez beste 35.623 kilo batu dituzte. 

Honako datuak helarazi ditu Mankomunitateak azken bi urteotako paper eta kartoi bilketarekin konparatiba eginda:

  • 2019an 404 tona paper eta kartoi bildu ziren, hilean 33.695kg batez beste.
  • 2020an 380 tona jaso ziren, hilean 31.742kg batez beste (pandemiak eragindako jaitsiera).
  • 2021eko lehen hiruhilekoan 35.623kg jaso ziren, batez beste. 
  • 021eko martxoan 43.520kg bildu dira.
  • Papera eta kartoia kanpoko enpresen bidez kudeatzen dituzten enpresek jakinarazi dute aurten, guztira, 72.953kg bildu direla

Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak eskertu egin du gaikako bilketan enpresen “inplikazioa”. “Industrialdeetako bilketa hobetzea funtsezkoa da 2030erako gaikako bilketaren %70era iristeko helburua betetzeko”, esan dute. 

677 edukiontzi urdin

Enpresen kasuan, eurek aukeratzen dute gaikako bilketa zelan egin. Hainbatek kudeatzaile propioak dituzte baina gehienek Mankomunitatearen zerbitzua erabiltzen dute. Hain justu, Mankomunitateak, papera eta kartoia bereizteko borondatea erakusten duten enpresei doan eskaintzen dizkie edukiontzi urdinak eta 677 halako daude enpresetan banatuta.

Soraluzekoen kasuan, astelehen gauetan egiten dute industrialdeetako bilketa, Mallabiarekin, Ermuarekin, Eibarrekin eta Mendarorekin batera. Elgoibarko, Debako eta Mutrikuko enpresetan, berriz, martitzen gauetan egiten dute bilketa.