Ticket Bai sistema aztergai

Ubane Madera Zangitu 2021ko api. 27a, 15:50
H2B Business Group enpresako hiru kideak.

Eguenean, Ticket Bai (TBAI) sistemaren gaineko argibideak emango dituzte Herriko Antzokian. Aholkularitza fiskaleko eta Informatikako aditu banak hitzaldia eskainiko dute, Bizikale Merkatari Elkarteko kideei zuzenduta. Dagoeneko 24 kidek eman du izena. 

Etzi, eguena, H2B Business Group aholkularitzako eta Ukabi informatika enpresako aditu bana bertaratuko dira Herri Antzokira, 14:00etatik 15:00etara. 

Biek ala biek Ticket Bai (TBAI) sistemari buruzko argibideak emango dizkiete herriko merkatariei eta ostalariei. 2022an sartuko da indarrean TBAI fakturazio sistema berri hori eta edozein motako jarduera ekonomikoren bat egiten duenak derrigorrez erabili beharko du datorren urtetik aurrera. 

Besteak beste, software berezitu bat erabili beharko da fakturazio sistema horretan. Egueneko hitzaldian, horren gaineko azalpenak emango ditu Ukabi enpresako adituak. H2B Business Groupeko adituak, berriz, TBAI sistemak ekarriko duen araudi berriaren gaineko azalpenak emango ditu. 

Iruzur fiskalari aurre egiteko

TBAI sistema Euskal Autonomia Erkidegoko hiru foru aldundiek eta Jaurlaritzak abiatuko dute. Helburua du iruzur fiskalari aurre egitea, jarduera ekonomikoen diru sarrerak edo salmentak teknologiaren bitartez kontrolatuz,“bermatuko da behin fakturak eginez gero haiek ezin direla manipulatu edo ezabatu”, besteak beste.