Inazibar lursailaren desokupazioa eta bestelakoak langai, biharko osoko bilkuran

Ubane Madera Zangitu 2021ko api. 27a, 09:48

Inazibar lursaila. Argazkia: Carlos de Cos.

Bihar, eguaztena, apirilari dagokion osoko bilkura egingo du udalbatzarrak. 14 puntuko gai zerrenda landuko dute. Tartean aztergai izango dute Inazibar lursailaren desokupazioa, hau da, Udalak erositako bidegorriko lursaila desokupatzea, han aisialdi-parkea egiten hasteko.

2.500 metro koadro ditu Inazibar lursailak. Bidegorriaren magalean dago, ibai bazterrean, Osintxura bidean. 2019an erosi zion Udalak lursaila jabeen oinordekoei, 1.000 eurotan. Udalaren asmoa zen bertan aisialdi-gune bat sortzea. Baina iaz, pandemiaren etorrerak bertan behera laga zituen asmo horiek.

Orain, atzera ere berrekin nahi dio proiektuari. Baina gauzatu ahal izateko, lehenengo Inazibar lursaila desokupatu egin beharko du. Izan ere, azken urteotan, familia batek pottokak ditu han eta euren aisialdi partikularrerako ere erabiltzen dute. 

70 herritarrek sinatu dute

Familia egoeraren jakinaren gainean dago. Baina ez du lursaila lagatzerik nahi. Are gehiago, besteak beste, sinadura bilketa abiarazi du bertan geratu ahal izateko herritarren babesa lortzeko. 70 bat herritarrek sinatu dute euren alde. Horrez gainera, abokatua ere hartu dute.

Gauzak horrela, udal ordezkariek lursailaren desokupazioa hizpide izango dute biharko osoko bilkuran. Bestelakoen artean. Izan ere, beste 13 gai ere landuko dituzte. Batzuk nabarmentzearren, udal langileen soldata igoera proposatuko dute; ordenantza fiskalen aldaketa; Zeleta 3an igogailua jartzeko proiektua; Udal eraikinei dagokion garbiketa kontratua; Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko lankidetza protokoloa eta bake epailea izendatzea.

Osoko bilkura publikoa da, hau da, interesa duen edozein herritar bertara daiteke. 19:00etan hasiko da batzarra.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.