Bihar, banketxeen aurrean egingo dute protesta

Ubane Madera Zangitu 2021ko api. 25a, 18:18
Pentsioen aldeko elkarretaratzea, joan den astean.

Bihar, astelehena, pentsio publiko duinen ohiko mobilizazioa desberdina izango da. Izan ere, "adineko pertsonek eta pentsiodunek euren pentsioen dirua kudeatzeko finantza-erakundeetan sartzeko dituzten zailtasunak" salatzeko mobilizatzeko deia egin du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak. Banketxeen aurrean egingo dute protesta. Hori horrela, Plaza Zaharrean egin dute hitzordua, 11:45ean.

Biharko protestaren bitartez, bi zailtasun salatu nahi dituzte: “Batetik, banku-erakundeen sukurtsaletan hilabetez hilabete sortzen diren ilarak, eta, bestetik, gero eta komisio gehiago ezartzen direla, baliabide gutxien dituzten pertsonei kalte handiagoa eginez”.

Pentsiodunen mugimenduaren ustez, bankuek zein aurrezki-kutxek zerbitzu publikoa eman behar dute eta finantza-bitartekarien funtzioa bete behar dute, jarduera ekonomikoa eta produktiboa errazteko.

Banku-zerbitzua okerrera

Baina, horren kontrara, uste dute “banku-zerbitzuak okerrera egiten duela eta gero eta zailago” jartzen dutela norbere dirua eskuratzea. Pandemiaren ondorioz, zailtasunak areagotu egin direla uste dute, besteak beste, “sukurtsalak ixten ari direlako, erabiltzaileen arretarako langileak murrizten ari direlako eta komisioak handitzen, finantza-erakundeetako akziodunen dibidenduak handitzeko”. 

Zerbitzuak berresartzeko eskaera

Hori guztia zuzenean helaraziko diete banketxeetako ordezkariei, gutunak entregatuz. Honakoa eskatzen: ilarak buka ditzatela, zerbitzuak berrezarri ditzatela, sukurtsalak ireki ditzatela, txantiloiak zabaldu ditzatela, pentsiodunentzako eta adinekoentzako leihatila espezifikoak ireki ditzatela eta komisioak 2015. urteko mailara murriztu ditzatela.