Presoen eskubideen aldeko herritar mugimenduak bere aldarrikapena Euskal Herriko 650 mendi tontorretara igotzeko ekimena antolatu du maiatzaren 8rako (zapatua). Bertan, "presoak etxera itzultzeko bidearen hasiera" aldarrikatuko dute, eta, horretarako, ezinbesteko jotzen dute urruntze-politika bertan behera lagatzea eta preso guztiei gradu-progresioa aplikatzea.
Soraluzetarrak Atxolinera eta Karakatera
Soraluzeko Sarek egun horretan Atxolinera eta Karakatera igotzeko deia egin die soraluzetarrei. Oinez joan nahi dutenentzako, goizeko 8:45ean jarri dute hitzordua, Plaza Berrian eta autoz joango direnentzako, berriz, 11:00etan, Karakaten. Hain zuzen, Karakaten eta ordu horretan aterako dute eguneko argazki nagusia, eta ostean, txorizodun opilak banatuko dizkiete ekimenean parte hartu duten herritar guztiei, segurtasun neurriak beteta beti ere.
Atzo, hainbat soraluzetar Baltegietako pasealekuko parkean batu ziren ekimenari babesa adierazi eta soraluzetarrei bertan parte hartzera dei egiteko. .
Izen-ematea zabalik
650 Tontor ekimenean parte hartuko duten herritarrek https://650tontor.sare.eus/ webgunean eman dezakete izena. Izena eskuz eman nahi izanez gero, Gaztelupen, Bolian, Arranoan, Mendizabal okindegian, Edurtzan eta Iratxon ere eman dezake izena.
Mendizale ezagunen babesa
Egunotan, hainbat euskal mendizale ezagunek bere babesa adierazi diote ekimenari. Horien artean dira: Pou anaiak, Juanito Oiarzabal, Alberto Iñurrategi, Oihana Azkorbebeitia, Antton Zabala, Ainhoa Lendinez, Ekaitz Maiz eta Xabier Amorrortu.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!