“Borroka sindikalaren aurkako operazioa” salatzeko protesta ekimenak

Ubane Madera Zangitu 2021ko api. 22a, 17:14

LABeko hainbat ordezkarik gertakarien harira emandako prentsaurrekoa. Argazkia: LAB.

LAB sindikatuak elkarretaratzeak eta manifestazioa deitu ditu, orain dela bi egun, sindikatuko sei kideren kontra Nafarroan izandako “operazio koordinatua” salatzeko. Besteak beste, Debarroan ere egin dituzte hitzorduak. Bihar, Eibarren 19:30ean eta Arrasaten 12:00etan deitu dituzte elkarretaratzeak. Zapatuan, berriz, manifestazioa, Iruñean. 

Herenegun, LAB sindikatuko sei kide atxilotu egin zituzten Nafarroan, bost Iruñean eta bat Altsasun. Martxoaren 8an, greba baten harira, ISN enpresako kamioi batera igotzeaz akusatuta atxilotu zituzten. Atzo, berriz, kargu gabe aske laga zituzten. 

Gertakarien harira, LAB sindikatuak operazio hori "gogor eta irmo" salatu du, adierazteaz bat “patronala eta polizia elkarlanean aritu direla sindikalismo borrokalariaren aurkako operazio honetan, CEN patronalak eta ISN enpresak eginiko salaketa batzuen harira egin baitituzte atxiloketak”.

"Atxiloketak eszenaratu"

Azpimarratu du “protesta ekintza baketsu” egiteagatik atxilotu dituztela sei sindikalistak. “Nahikoa zuten notifikazioa judiziala bidaltzea”, adierazi du Imanol Karrerak, Nafarroako LABeko bozeramaleak. “Baina, ez. Nahiago izan dute operatibo polizial handia muntatu eta atxiloketak eszenaratu, Europako edozein bazterretan ohikoak diren protesta ekintzak egiteagatik”, gaineratu du hark. Atxilotutako emakumeen kontra erabilitako “bortizkeria” ere salatu nahi du sindikatu abertzaleak. 

Salaketa horiek guztiak kalean egingo dituzte datozen bi egunotan. Baita Debarroan ere. Bihar, barikua, Arrasateko Biteri plazan, 12:00etan egin dute elkarretaratzea egiteko hitzordua. Eta Eibarren, berriz, 19:30ean, Untzaga plazan.

Zapatuan, berriz, 17:00etan abiatuko da manifestazioa, Iruñean, Baluartetik. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.