Bihar greba egingo dute zerbitzu publikoetako langile askok

Ubane Madera Zangitu 2021ko api. 21a, 11:15
Udaletxea gaur goizean.

Bihar, eguna, EAEko sektore publikoa greba egitera deituta dago. ELA, LAB, CCOO, SATSE, Steilas eta ESK sindikatuek deitu dute protesta. Bat egingo dute herriko hainbat zerbitzutako langileek: udaletxekoek, eskolakoek eta institutukoek, besteak beste. Zerbitzu minimoak eskainiko dituzte.

Udaleko langileen batzarrak baiezkoa eman dio biharko deitutako grebari. Hori horrela, Udaletxeari dagokionez, ez da izango aurrez aurreko harrera zerbitzurik, telematikoki emango dute zerbitzu hori, Udalaren webgunearen bitartez: www.soraluze.eus. Ongizate sailean eta Udaltzaingoan, berriz, gutxieneko zerbitzuak izango dituzte.

Plaentxi Herri Eskolari dagokionez, han ere bat egingo dute protestarekin, baina jakinarazi dute “eragin txikia” izango duela grebak, %11k, zehazki. Jantoki zerbitzua normal emango dute.

Institutuan ostera, eragin handiagoa izango du grebak. Bertatik emandako datuen arabera,  langileen %56,67k greba egingo du. Hala ere, jakinarazi dute ikastetxea zabalik egongo dela ohiko ordutegian (08:15-14:15) eta greba egiten ez duten ikasleek eskola orduak izango dituztela, “zerbitzu minimoak bermatuko dira”, azpimarratu dute. Institutuko jantokiari dagokionez, berriz, zerbitzua “normaltasunez” emango dute. Salbuespena da HAUSPOAko ekintzak bertan behera geratuko direla eguenean.

Bestelako zerbitzu publikoetan galdetuta, berriz, kiroldegitik esan dute han grebak ez duela eraginik izango eta anbulatorioko langileek erabaki dute ez egitea. “Bizi dugun egoera okerra da. Ez gaude kontsultak bertan behera lagatzeko moduan”, esplikatu dute.