Herritarrendako ortuak sortzeko prozesua abiatu du Udalak

Ubane Madera Zangitu 2021ko api. 20a, 11:14

Ezozira bidean dago Udalak aukeratutako lursailetako bat.

Gipuzkoa etorbidean eta Ezozirako bidean dauden lursail bana herritarrendako ortuak ipintzera bideratuko ditu Udalak. Ortu horien gaineko araudia jendaurrean ipini du, hala nahi duenak alegazioak aurkeztu edo ekarpenak egiteko. Ondoren zabalduko dute ortu eskaerak egiteko epea. Lursailak baino eskari gehiago baleude, zozketa bidez esleitu ditu ortuak Udalak.

Soraluzeko Udalak baratze ekologikoak sustatu nahi ditu, hainbat arrazoirengatik:

  • Bizilagun askorendako aisialdi aktiboa delako, batik bat, adinekoendako. Eta aisialdi aktibo horretarako “topagunea sustatu” nahi du.
  • Soraluzetarren bizitza kalitatea hobetuko duen gune berde berri bat sortzeko.
  • Nekazaritza ekologikoa bultzatzeko.
  • Erabiltzaileen eta, bereziki, haurren artean, naturarekiko errespetua sustatzeko
  • Giza-talde ezberdinen arteko elkarbizitza eta harremanak bultzatzeko. Gizon-emakume proportzioak zaintzeko, belaunaldi ezberdinen arteko trukea bultzatzeko eta arazoak dituzten giza taldeei laguntzeko.
  • Udalerrian zabalduta dagoen aisialdirako txabolismoa errotik kendu eta erabiltzaile hauei gune bat zabaltzeko.

Ortu horiek sortzeko bi kokagune aukeratu ditu. Batetik, Gipuzkoa etorbidean, bertako etxebizitzetatik Telefonicarainoko tartean dagoen atzeko aldeko lursaila. Bestetik, Ezorirako bidean, futbol zelaitik gora dagoen lursaila (argazkietan).  

Orain, lursail horien erabilera, ortuen ezaugarriak eta, oro har, guztiaren funtzionamenduari dagokion araudia landu eta jendaurrean jarri du. 20 eguneko epea dago araudiari alegazioak egin edo ekarpenak aurkezteko.

Adibidez, araudi horren arabera, 18 urtetik gorako edozein soraluzetarrek aurkez dezake eskaera. Herritarrendako ortu horiek ekologikoak izan beharko dute -sasoiko produktuak landatu beharko dira eta ezin izango dira erabili lurrari kalte larriak eregiteko moduko produktuak-. 

Ezin dira produktuak saldu

Ortu horietatik eskuratutako produktuak -barazkiak zein loreak edo landareak izan daitezke- norbere kontsumorako izan beharko dute. Bestela esanda, ezin izango dira saldu. Gutxienez urtebeterako eta gehienez sei urterako esleituko dira. Behin sei urteok pasatuta, hala ere, berriro ere aurkeztu ahal izango da ortuarekin segitzeko eskaera. 

Ortu horietan ezingo dira instalatu negutegiak, kutxak, iltzatutako elementuak, etxolak, txorimaloak, arranpaloak edo panpinak. Ezin da eraikuntzarik egin lursailetan, ezta itzalperik edo zintzilikatzeko tresnarik edo inguruaren itxura alda dezakeen bestelako elementurik erantsi ere. Ezin da lursaila itxi inolako hesiekin (harri, egur, adreilu, bloke zein bestelako eraikuntzarako elementu mugatzaileekin) baratza, bere ertzak edo mugak itxi, markatu edo mugatzeko, Udalak horretarako aukeratu dituenetatik aparte.

Zozketa bitartez

Besteak beste, arau horiek eta bestelakoak dira orain jendaurrean daudenak. Norbaitek alegaziorik edo ekarpenik aurkeztuko balu, horiek aztertu ondoren, prozesutik eratorritako behin betiko araudia onartuko dute. Araudi osoa kontsultatzeko, HEMEN klikatu.

Hori egin eta gero, epea zabalduko dute ortu eskaerak egiteko. Iker Aldazabal alkateak esan duenez, eskariak lursailak baino gehiago baleude, ortuen esleipena zozketa bidez egingo da. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.