Escrivá ministroak proposatutako hiru neurriak izan dituzte hizpide gaurko elkarretaratzean. 50 herritar baino gehiagok babestu du elkarretaratzea.
Kotizaziopeko pentsioen KPIaren araberako igoera proposamenari buruz, salatu dute PSOEko ministroaren asmoa ez dela KPIa bere horretan aplikatzea, “azken hiru urteetan egin den bezala”. Baizik eta KPIaren igoeraren zenbatekoa erabakitzeko “ulertu eta are gehiago azaltzeko zaila den formula” bat aplikatzea proposatu duela. Diotenez, formula horrek itxi egiten ditu “pentsioak KPIaren gainetik igotzeko aukera guztiak”.
Halaber, gaineratu dute ez duela zehaztu kotizazio gabeko pentsioak zenbat igoko diren eta ezta ere “gutxieneko pentsioa 1.080 eurora igoko den” besteak beste.
Erretiro aurreratua zigortzeko proposamenari buruz, berriz, salatu dute dagoeneko “aurreratu” dituela “zigor koefizienteak”.
Azkenik, borondatezko erretiroa atzeratzeko proposamena dela-eta, batetik salatu dute neurri horrek “oinarri arautzaile handiena duenari” egiten diola mesede gehien, “beraz, pentsiorik handiena duenari”. Eta bestetik, erretiroa atzeratzeak dakarrela “ordezkapen kontratuei oztopoak jartzea, batez ere, langabezian dauden milioika gazteentzat”.
Ezkerreko alderdiei deia
Horregatik guztiagatik uste dute “Kongresuan dauden ezkerreko alderdiek ozen” hitz egin behar dutela “neurri horiek salatu eta horien aurka egiteko”. Edozein kasutan, berretsi dute pentsiodunen mugimenduak ere borrokan segitzeko asmoa duela eta gogora ekarri dute ekimen berriak ari direla prestatzen bestelako eragile sozialekin maiatzaren bukaerarako.