Indarkeria matxistari aurre egiteko laguntza

Ubane Madera Zangitu 2021ko api. 19a, 09:13

Soraluzeko Udalak 3.436,99ko dirulaguntza eskuratu du genero indarkeriari aurre egiten laguntzeko. Berdintasun Sailaren arduradun Patricia Borinagak jakinarazi duenez, sentsibilizazio eta informazio kanpainetara zein prestakuntza espezializatua lortzeko jarduerak egiteko bideratuko da laguntza hori. 

Modu positiboan baloratu du Berdintasun Saileko zinegotziak laguntza hori jaso izana: “Genero indarkeriaren aurkako borroka erantzukizun partekatua da eta guztiok gauzatu behar dugu. Udala herritarrengandik gertuen dagoen erakunde publikoa da, eta bere udalerriko errealitatea hobekien ezagutzen duena. Horregatik, gaitz honen aurka borrokatzeko jasotzen duen edozein laguntza ongi etorria izango da beti “.

"Ahalik eta adostasun handienarekin"

Gaineratu du, besteak beste, “ahalik eta adostasun handienarekin” erabakiko dela diru hori zertan erabili, premisa jakin batzuk kontuan hartuta: “Emakumeen aurkako edozein indarkeria-motari buruzko sentsibilizazio- eta prebentzio-kanpainak egitea, emakumeen aurkako indarkeriari buruzko informazio-materialak prestatzea edo berdintasunaren arloko prestakuntza espezializatua lortzeko jarduerak egitea. Beraz, premisa horiek kontuan hartuta, Soraluzen funts horien erabilera udaleko Berdintasun Batzordearen esparruan eta ahalik eta adostasun handienarekin erabakiko da ".

Borinagak esplikatu du Indarkeriaren kontrako Estatuko Itunaren fondotik eskuratu duela Udalak laguntza hori, indarkeriaren kontra 2017an onartutako estatu itunaren baitan sortutako fondoetatik.  


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.