Poltsa konpostagarriak desegoki erabiltzen direla atzeman dute

Ubane Madera Zangitu 2021ko api. 15a, 12:22
Poltsen makina, Kontzejupean.

Debabarreneko Mankomunitatetik jakinarazi dutenez, 2021eko lehen hiruhilekoan %20 handitu da poltsa konpostagarrien erabilera. Baina atzeman dute poltsa horietako hainbat birziklatu ezin diren hondakinendako erabiltzen direla. Hori horrela, gogora ekarri dute poltsa konpostagarriak hondakin organikoak edukiontzi marroira botatzeko baino ez direla.

2019an eta 2020an, Debabarrenean hilero 7.500 poltsa-sorta kontsumitu ziren. 2021eko lehen hiruhilekoan, berriz, kontsumoa %20 handitu eta hilean 9.000 poltsa-sorta kontsumitu dira.

Halaxe jakinarazi du Debabarreneko Mankomunitateak gaur bidalitako prentsa oharrean. Bertan azaldu du, igoera atzemateaz batera, ikusi dutela poltsa horietako hainbat oker erabiltzen direla, edukiontzi horietan eta grisetan azaldu baitira. Uste dute erabilera desegoki horrengatik handitu dela poltsa konpostagarrien kontsumoa.

Eguneko poltsa bat baino gehiago

Mankomunitatetik gogora ekarri dute Debabarrenean, hondakin organikoak biltzeko bosgarren edukiontzia martxan jarri zenetik, “apustua poltsa konpostagarriak doan ematea izan dela”. Gaur egun, makinen bitartez banatzen dituzte poltsok eta erabiltzaile bakoitzak lau astean behin har dezake poltsa-sorta bat. “Horrek esan nahi du bizikidetza-unitate bakoitzak eguneko poltsa bat baino gehiago duela hondakin organikoetarako edo janari-hondakinetarako eta kopuru hori nahikoa dela ikuspuntu teknikotik”.

Gastuaren berri ere eman dute: “Azken urtean, 111.019 euro erabili dira poltsa konpostagarriak erosteko. Gaur egun, Mankomunitateak zabalik du datozen bi urteetarako 4.218.000 poltsa erosteko kontratazio prozesua. Datozen urteetarako poltsa konpostagarrien hornidura bermatzeko egingo da erosketa, betiere arrazoizko erabilera arduratsua egiten badugu, hori funtsezkoa baita poltsak doako emateko egungo filosofiarekin jarraitzeko”, gaineratu dute.